Ekonomia

"Greben tsunamia" hasi da Grezian

Troikak eta gobernuak sektore publikorako adostutako lan erreserba plana salatuko dute.

Miren Garate.
2013ko irailaren 16a
11:04
Entzun

Irailaren bukaerarako Greziako 12.500 funtzionario lan erreserba deitutako planean sartuko dira, eta beste hainbeste gehiago urtea amaitzerako. Hau da, langabezia antzeko egoera batean egongo dira, soldataren %75 kobratuta. Zortzi hilabete iraungo ditu planak, eta tarte horretan, sektore publikoaren baitan, beste lanpostu batean aritzeko aukerarik ba ote duten ikusiko du gobernuak. Beste posturik aurkitu ezean, kaleratu egingo ditu zortzi hilabeteak pasatutakoan.

Lan erreserba hori troikak eta Greziako Gobernuak adostutako erreskatearen neurrietako bat da. Haserre handia eragin du sektoreko langileen artean, eta aste honetarako hainbat mobilizazio antolatu dituzte. "Greben tsunamia" iragarri dute sindikatuek. Gaurtik ostiralera arte, greban izango dira bigarren hezkuntzako irakasleak eta unibertsitateetako administrazioko langileak. Bost eguneko iraupena izango du enplegu eta gizarte segurantzako funtzionarioen lanuzteak ere.

Bihar ekingo diote grebari ospitale publikoetako medikuek, eta hiru egun iraungo ditu. Halaber, bihartik ostegunera protestan izango dira ikastetxe pribatuak, soldatak jaisteko beldur direlako. Lanuzteak egingo dituzte dendariek eta abokatuek ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.