Hemezortzi urte eta erdi Erreserba Federaleko (Fed) presidente izan eta gero, agur esan zuen atzo Alan Greenspanek. Agurrean, bere bisita txartela utzi zien kontsumitzaile estatubatuarrei:interes tasak beste %0,25 igo, eta %4,5ean utzi zituen. Duela urte eta erdi ekin zion banku zentralak dirua garestitzeari, eta geroztik 14 igoera ezarri ditu. Gehiago etor daitezkeela iradoki zuen Erreserba Federalak ohar batean.
Ordurako, Greenspan ez da Feden egongo. Bere tokia Ben Bernanke ekonomistak hartuko du. George Bush Estatu Batuetako presidenteak urrian egindako izendapenari oniritzia eman zion atzo bertan Senatuak. Diru politikan aditu handitzat jotzen dute, eta horregatik, Alderdi Errepublikarraren eta Demokrataren babesa jaso du. Dena den, protagonismoa ez zuen bereganatu ez Bernankek, ez interes tasen igoerek. Greenspanek baizik. Bere agintaldi luzean Estatu Batuek oparoaldi ekonomikoa ezagutu dute, baita garai zailak ere. Kargua hartu eta berehala 1987ko urriaren 19ko Wall Streeten Astelehen beltzariaurre egin behar izan zion, eta 2000ko martxoan, burbuila teknologikoa lehertu zenean inoizko interes tasa jaitsiera handienari ekin zion: bi urte eta erdian, %6,5etik %1era merkatu zuen diru politika. Horregatik, askok uste dute AEBen goraldi ekonomikoa Greenspanek zuzendutako diru politikari zor zaiola hein handi batean. Iritzi on batetik laudoriora tarte txikia dago, eta pertsonaia mitifikatu egin da maiz: «Greenspan hilko balitz, altxatu eta eguzkitako betaurreko batzuk jarri beharko litzaizkioke», zioen duela bost urte pasa John McCain senatari errepublikarrak.
«Belatz politikoa»
Greenspanen akatsik handienetakoa izan da George Bushen zerga murrizketak txalotzea. AEBetako Gizarte Segurantzaren aurka ere gogor egin izan du. «Washingtonen dagoen belatz politiko handienetakoa da», zioen iaz Harry Reid demokratak.
Diru politikan ere, ekonomisten artean kritikak ugaritzen ari zaizkio, eta azken bost urteotan puztu den etxebizitza burbuilaren erantzuleetako bat dela uste dute: «Gutako batzuk uste dugu aktiboen burbuila batzuk sortzen lagundu zuela», zioen atzo Paul Kasriel Northern Trusteko ekonomista buruak. Greenspanek 79 urterekin utziko du Erreserba Federala. Bere ekonomiak ez du kezkatzeko arrazoirik. Hitzaldiko sei zifrako diru saria jasoko duela adierazi dute. Ikusteko dago, ordea, hark utzitako ondarea zertan amaitzen den: «Urte bat edo bi itxaron beharko da haziak belar txar bihurtzen diren ikusteko», gaineratu zuen Paul Kasrielek.
Bernankek moztu beharko ditu belar txarrok. Ekainetik Bushen ekonomia aholkulari nagusia izan denak bere bizitzako erronkarik handiena izango du gaurtik aurrera.
Greenspanen agurrean interes tasak %4,5era igo ditu Fedek
Gaurtik aurrera Ben Bernanke izango da Erreserba Federaleko burua, AEBetako Senatuak berretsi ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu