Munduko ekonomia eta gizartea garatzeko politiken inguruan hitz egiteko bilduta daude G20 osatzen duten herrialdeetako ordezkariak Cannesen (Frantzia). Baina, atzo behintzat, Grezia bihurtu zen haien hizketagai nagusi. Goi bilera bera ere berandu hasi zen, euroguneko gobernubururen eta Europako Batzordeko eta Nazioarteko Diru Funtseko arduradunen arteko batzarra espero baino gehiago luzatu zelako.
Azkenean, goi bilera ofiziala ekonomiaren egungo egoera aztertzeko lan bazkari batekin abiatu zuten. Horretan ari zirela, baina, korridoreetan eta hedabideentzat atondutako geletan zeuden telebistetan Greziari buruzko albisteek erabateko protagonismoa izan zuten. Giorgos Papandreu Greziako lehen ministroak parlamentuan egindako agerraldia, esaterako, zuzenean ikusi ahal izan zuten goi bilerako parte hartzaileek.
Greziaren gehiegizko protagonismo horrek eurogunetik kanpoko politikarien haserrea eragin zuen. «Jakina da gaixo bati behar duen botika ematen zaionean ez dela behar bezala sendatzen. Hitz egin dezagun beste zerbaitez», adierazi zuen Cristina Fernandez Argentinako presidenteak.
Grezia bihurtu da G2Okoen goi bilerako protagonista nagusi
Eurogunetik kanpoko politikarien haserrea eragin du horrek, goi bileraren helburuak ezereztuko dituelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu