Deabrua xehetasunetan dagoela erakutsi dute behin eta berriz krisia konpontzeko ahaleginek eta euroguneko agintarien akordioek. Greziako Gobernuaren eta haren zorraren hartzekodun pribatuen arteko akordioak ere bai. Berez, Greziako Gobernuak eta hartzekodun pribatuek —bankuak eta aseguru etxeak—, iazko uztailean hitzartu zuten Greziari zorraren zati bat barkatzea. Benetako akordioa, ordea, atzo lortu zuten, epea amaitu baino ordu batzuk lehenago baino ez. Hartzekodun pribatuen %75-80k onartu dute Greziari zorraren %53,5barkatzea (%75 interesak ere aintzat hartuta). Greziak porrota saihestuko du, oraingoz.
Hartzekodun pribatuen esku dauden zor bonuen %16 nazioarteko arauen mende dago, 29.000 milioi euro; %84, berriz, Greziako legeen mende, 177.000 milioi euro. Greziako legepekoen artean zorraren %66k baino gehiagok galerak onartu dituenez, Greziako Gobernuak indarrean jar ditzake ekintza kolektiboko klausulak, hau da, akordioarekin bat egin ez duten hartzekodunak galerak onartzera behartzea. Betiere, Greziako legeak araututako zor bonuak badituzte. Greziak euroguneko arduradunekin hitz egingo du gaur, klausulak indarrean jarri edo ez erabakitzeko.
Klausula indarrean jartzeak arrisku bat du: hartzekodunek ordainketak ziurtatzeko kontratatutako aseguruak (CDS) baliatzea, kalifikazio agentziek uste badute Greziak ordainketak bertan behera utzi dituela.
Greziak, beraz, bete du troikak bigarren erreskatea eman ahal izateko ezarritako baldintza nagusietako bat. Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) bigarren erreskatean hartzekodun pribatuek ere parte hartzea exijitu zuten. Orain Greziak troikarekinGreziak erreskatearen baldintzak negoziatu ahal izango ditu troikarekin.
Dirua behar du hilaren 20rako
Bigarren erreskatea 130.000 milioi eurokoa da. Greziak dirua azkar behar du, 14.500 milioi euro bueltatu behar baititu martxoaren 20an. Euroguneko finantza ministroek bideokonferentzia bidezko bilera bat egingo dute gaur, bigarren erreskateaz hitz egiteko.
Greziako Gobernuak gaur emango ditu akordioari buruzko xehetasunak. Reutersek, AFPk eta Financial Times-ek %75-80ko babesa aipatu zuten, Greziako Gobernuko iturrietan oinarrituta. «Inbertsiogileak piloan eta beren borondatez onartzen ari dira», esan zion hartzekodunen erregistro elektronikoko iturri batek In.gr webguneariri. Borondatez parte hartzearena leungarria da. Hala ere, parte hartzen ez badute, hartzekodunek aurrerago diru guztia gal dezakete.
Akordioarekin, Greziak hartzekodun pribatuekin duen zorra 206.000 milioi eurotik 100.000 milioi euro ingurura jaitsiko da. «Lehen aldiz, zorra handitu beharrean, gutxitu egin dugu», esan zuen herenegun Evangelos Venizelos Finantza ministroak.
Greziak akordioa lortu du bankuekin, eta bigarren erreskatea bideratu du
Herrialdearen zor publikoaren %75-80 daukaten hartzekodun pribatuek onartu egin dute zorraren erdia barkatzeaEuroguneko finantza ministroek bilera egingo dute gaur, erreskateaz hitz egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu