Greziak beste bi urte eskatu dizkio troikari murrizketak ezartzeko

Atenasko koalizio gobernuko kideak ados jarri dira aurrekontuak 11.500 milioi euro txikitzeko neurrietan

Iker Aranburu.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Berri on bat eta berri txar bat jasoko dituzte troikako komisarioek etzi Atenasko aireportura iristen direnean. Ontzat hartuko dute Greziako koalizio gobernuko kideek azkenean hitzartu dutela non egingo dituzten 11.500 milioi euroren aurrezkiak. Baina ziur aski ez dute hain ongi hartuko greziarrek bi urte gehiago eskatzea doikuntza horiek guztiak egiteko.

Hainbat aste iraun duen eztabaidaren ondoren, Atenasko gobernua osatzen duten hiru alderdiek lortu dute ados jartzea murrizketa planari buruz. Antonis Samaras lehen ministroaren ND kontserbadoreak, Pasok sozialdemokratak eta Dimar zentro-ezkerreko alderdiak, ordea, ez dute azaldu zein neurri hartuko dituzten. Hedabideek zabaldu dutenez, horien artean dago erretiroa 67 urtera arte atzeratzea, langile publikoen pentsioak eta soldatak jaistea, funtzionarioak kaleratzea eta lanbide autonomoak dituztenei zergak igotzea. Horrela, lortu nahi dituzten 11.500 milioi euroei beste 2.000 milioi batu nahi dizkiete, zerga iruzurraren aurkako borroka gogortuta eta zerga sisteman aldaketa batzuk eginda.

«Azken murrizketak»

Neurri horiek troikak agindutakoak dira, kopuruetan desberdintasunak dauden arren. Epean ere ez daude ados: 2014rako nahi zituzten Europako Batzordeak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak. 2016ra arteko epea eskatu du, berriz, Atenasek. «Gure bazkideek ulertu behar dute ahalegin izugarriak egin ditugula, eta Greziak bere zorrak ez pagatzeko arrisku bakarra da egoerak orain arte bezala jarraitzea», argudiatu du Evangelos Venizelos Pasokeko buruak. Herritarren haserrea apaltze aldera —herenegun lehen greba egin zuten gobernuaren aurka—, Venizelosek ziurtatu du murrizketa horiek «azkenak izateko ezinezkoa» egingo duela gobernuak.

Plana astelehenean aurkeztuko diote troikari, eta hark oniritzia ematen badu, 31.500 milioi euroren mailegua emango dio Greziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.