Krisia eurogunean. Negoziazioak Grezian

Greziak eta troikak hurrengo murrizketa non ezarriko den adostu ezinik segitzen dute

Langile publikoen kaleratzea eta pentsioen jaitsiera leuntzeko exijitu dute gobernuko bazkide ezkertiarrek

Erredakzioa
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Datozen bi urteetako aurrekontuetan 11.600 milioi euro aurrezteko neurriak eskatzen dizkiote Greziari Europako Batasunak (EB), Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF), Atenasi emandako erreskatea kudeatzen duen troikak. Antonis Samarasen gobernuak eskaera betetzeko neurri sorta aurkeztu du, baina, azken egunotan aztertu ondoren, troikako kideek ez dute proposamena ontzat jo.

Irailaren amaieran Greziaren egoerari buruzko txostena aurkeztu behar du troikak. Horretan Samarasen gobernuak egin dituen ahaleginak neurtuko dituzte, eta erreskatearen hurrengo partea —31.500 milioi euro— eman behar zaion edo ez erabakiko dute. Diru hori lortzen ez badu, Greziari ia ezinezkoa izango zaio porrot ekonomikoa eragoztea.

Negoziazioari beste bultzada bat emateko asmoz, troikako kideekin bildu zen atzo Samaras. Ez zuten inolako akordiorik lortu. «Eztabaida dugu neurrien ebaluazioari buruz, baina ez da erraza, neurriak ere zailak direlako», azaldu zuen Iannis Sturnaras Finantza ministroak bilera amaitu ondoren. Edonola ere, murrizketak garaiz hartuko direla ziurtatu du gobernuak.

Murrizketak nola eta non ezarriko diren da gakoa. Greziako Gobernuak 17.000 milioi euro arteko programa aurkeztu die erreskatea kudeatzen duten erakundeei, horiek berrikusi, eta eskatu zaion kopurua erabakitzeko. Troikaren ustez, ordea, neurrietako batzuk ez dute dirua aurrezteko balio, edo, gutxienez, ez dute eraginik izango defizit publikoa luze gabe jaistea lortu nahi bada.

Gobernuak ez du jakinarazi nolako murrizketak proposatu dituen, baina herrialdeko hedabideetan zenbait aurreratu dira. Ekhatimerini egunkariaren arabera, 2.200 milioi euro inguru aurrezteko proposamenak auzitan jarri dituzte EB, EBZ eta NDFko ordezkariek. Troikak neurri zehatzak exijitzen ditu. Horien artean, pentsio ordaina murriztea eta 2015. urtea arte 150.000 langile publiko kaleratzea, sektore publikoko soldatak berriro jaisteaz gain.

Gobernua sostengatzen duten ezkerreko bi alderdiak — Pasok eta Dimar —, ez daude ados bi eskaera horiekin. Pentsioak eta funtzionarioen soldatak jaitsi ordez, defentsarako eta botiketarako gastua 4.000 milioi euroan jaistea proposatu du Dimarrek, besteak beste. Troikaren ustez, ordea, alternatiba horiek ez dute defizita mugatzeko balio.

Atzeraldi luzea pairatzen ari da Grezia, eta finantza erreskatea onartu zitzaionetik ezarri dituen gastu murrizketa ugariek ekonomia are gehiago hondoratu dute. Samarasek defizit helburua betetzeko epea luzatzeko eskatu die Europako gobernuei, baina oraingoz ez du inolako atsedenik lortu. Langabezia tasak %24 gainditu du dagoeneko.

Samarasen bazkideek ohartarazi diote euren babesa ere ez dela baldintzarik gabekoa. «Neurriak ez daitezela bidegabeak izan exijitzen dugu, ez diezaiela soilik txiroenei kalte egin, eta garapena sustatzeko neurriak ere behar ditugu», azaldu zuen Fotis Kuvelis Dimar alderdiko liderrak troikarekin bildu ondoren.

Negoziazioek irekita jarraitzen dute. Orain arte elkarrizketan aztertu diren zenbait kontuk arreta handia piztu dute. Besteak beste, troikak greziarren asteko lan astea sei egunera luzatzeko proposamena egin zuela zabaldu da. Datozen asteotan behin betiko plana legebiltzarrera eraman beharko du Samarasen gobernuak.

Grezia eurotik ateratzeko aukerak hor jarraitzen du, baina gero eta urrunagoa da. Der Spiegel aldizkariaren arabera, Angela Merkelek iritzia aldatu, eta Greziak kosta ahala kosta euroari eusteko beharra barneratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.