Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak esan du ziur dagoela Greziak defizita murrizteko hartu dituen konpromisoak beteko dituela. Munduko hogei herrialde boteretsuenetako banku zentraletako arduradunekin egin duen bileraren ondoren esan du Munduko Banku Zentrala, Europako Batzordea eta Nazioarteko Diru Funtsa gogobeteko dituela Greziak egiten ari den aurrerapenekin.
Europako Batasunak ez du aurreikusten Greziak kiebra jotzea. Hori esan du Amadeu Altafaj EBko Ekonomia bozeramaileak gaur, Der Spiegel Alemaniako astekariak argitaratutakoari erantzunez. Der Spiegelen arabera Alemania prestatzen ari da Greziaren kiebrarako. Altafajek, ordea, Europako Batasunean ez direla horretan ari dio: "Gure jarrera bera da, ez da aldatu".
Filipos Sajinidis Greziako Finantza ministroak gaur aitortu duenez, ordea, soilik urrira arte ziurtatu ditzake estatuak erretiratuen pentsioak eta funtzionarioen soldatak. Egoera horrek are eta beharrezkoagoa egiten du 2010eko maiatzean nazioarteak adostu zuen 110.000 milioi eurotako kredituaren seigarren zatia, kiebra jo baitezake bestela Greziak eta, modu horretan, Europako Batasuna eta euroa orain arteko egoerarik okerrenera eraman.
Aurreko astean areagotu egin zen Greziak kiebra jo dezakeelako kezka. Seigarren zati hori 8.000 milioi euro dira, eta horiek jaso ahal izateko ezarri zizkioten neurriak bete beharko ditu Greziak. Azken neurria higiezinen gaineko beste zerga bat izan da; greziarrei metro koadroko kobratuz urte amaiera baino lehen 2.000 milioi euro jasotzea espero dute. Neurri horien aurka protesta gogorrak hasi ziren aurreko astean, eta gaur greziako 27.000 taxistek 48 orduko lan uztea hasi dute, taxi baimenaren liberalizazioaren aurka.
Greziak kiebra egiteko arriskua dela eta, burtsek beherako joerarekin ireki dute astea gaur.