Greziako bozak euroari buruzko erreferenduma bihurtu ditu Europak

Gero eta greziar gehiago ari dira gordailuak ateratzen bankuetatik, eta horrek kinkan jarri ditu hango bankuak

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Karolos Papulias Greziako presidenteak ekainaren 17rako deitu ditu herritarrak berriro hauteskundeetara. Legebiltzarra eta handik atera daitekeen gobernua hautatzeko ez ezik, hauteskunde horiek Greziak euroan jarraitzeari buruzko erreferenduma bilakatu dela ohartarazi dute Europako Batzordeak eta Alemaniak.

«Botoa ematean, greziarrek jakin behar dute erabaki horrek zer ondorio izango dituen», esan zuen atzo Jose Manuel Durao Barrosok, Europako Batzordeko presidenteak. Garbiago esanda: greziarrek austeritate politika auzitan jartzen duten alderdiak hobesten badituzte berriro ere euroaren kanpo ikusiko dutela euren burua. Durao Barrosok onartu du EBk, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak erreskateen truke inposatutako murrizketek eta zerga igoerek greziarrei «sakrifizio handia» eskatu detela. Baina hori da, haren iritziz, «alternatiba guztien artean zailtasun gutxien dituena».

Beren burua europazaletzat jotzen duten alderdi batzuek erreskatearen baldintzak aldatzeko aukera ikusten duten arren, horrelakorik ez dela gertatuko ohar- tarazi die Barrosok: «Izenpetutako akordioak bete egin behar dira».

Hitzzuzenekin baztertu du Wolfgang Schaueble Alemaniako Finantza ministroak ezkerreko taldeen proposamena, hau da, euroan jarraitzea baina hartzekodunei —EBko estatuak nagusiki— ez pagatzea: «Ez da posible bazkideei ez pagatzea eta euroan jarraitzea. Arduragabekeria da. Ezin dute besteen pastela hartu eta jan. Hori da nazioarteko komunitateak eta europar guztiok Greziari garbi esan dieguna. Orain greziarren txanda da; erabakia beren kabuz hartu behar dute».

Herenegun, berak eta François Hollande Frantziako presidenteak Greziak euroan jarraitzea nahi zutela esatean, Angela Merkelek ohartarazpen bera egin zien: «Itunak bete egin behar dira». Europaren dirua nahi badute hari lotutako baldintzak ere bete egin behar direla, alegia.

Arrisku sarien igoera

Greziak euroa uzteko aukera tabu izateari utzi badio ere, ugaritu egin dira herrialde hori diru bakarrean nahi dutela dioten ahotsak. Azkena, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidentearena.«Badakit [Europako] Itunak ez duela ezer esaten irteera bati buruz eta ez dela EBZk erabaki behar duen zerbait... Baina esan nahi dut Greziak euroaren eremuan egotea nahiago duela».

Greziaren gaineko kezkak bainoago, irteera hori aurrekari izateak eta Irlanda, Portugal eta Espainiari egin diezaiokeen kalteak eragiten du larritasuna. Egoera horri erantzuten diote azken egunotan burtsa izandako jaitsiera handiek, eta Espainiaren eta Italiaren arrisku sariak nabarmen igotzeari. Atzo, Espainiaren hamar urteko bonuak inoizko alde handiena (arrisku saria) izan zuen Alemaniakoarekiko: goizean 507 puntura igo zen, baina azkenean 482 puntuan itxi zuen, EBZk zorra erosi behar zuela zabaldu zelako.

Datu absolutuetan Espainia oraindik ez da iritsi azaroko mailara: orduan %7ko interesa ematera iritsi zen haren hamar urteko zorra inbertsiogileen arteko merkatuan, eta atzo %6,5ean jo zuen goia. Hortaz, Alemaniaren bonua merkatzeak azaltzen du Espainiaren arrisku saria maila gorenera iritsi izana: azaroan %1,9 eta %2,1 artean zegoen, eta %1,4an atzo. Inbertsiogileak gainetik kentzen ari dira Espainiaren eta larri dabiltzan beste estatuen zorra, eta Alemaniako bonu seguruak erosten.

Gordailuak galtzen

Bund horien merkatzeko bada beste azalpen bat: greziar askok dirua ateratzen ari direla bankuetatik, eta aktibo seguruetan jartzen ari direla; Alemaniako bonuetan, esaterako. Atenasko bankariek Papulias presidenteari ohartarazi diotenez, astelehenean eta asteartean 1.200 milioi euro atera dituzte herritarrek beren kontuetatik. Georgios Provopulosbanku zentraleko gobernadoreak azaldu du apirilean 5.000 milioi euro gutxitu zirela gordailuak. Aurreko hilabeteotan 2.000 milioi itzuli ziren, Greziak bere hartzekodun pribatuekin zorraren zati handiena barkatzeko akordioa lortu ostean.

«Bankuen egoera izugarri zaila da. Ez da panikorik, baina izua bilaka daitekeen kezka handia dago, eta bankuen erresistentzia maila oso txikia da», azaldu du Papuliasek. Aspaldi itxi zitzaizkien finantzaketa iturri arruntak Greziako bankuei, eta orain arte eutsi badiote, EBZren finantzaketari esker eutsi diote. Orain, banku zentralak dirua uzteari utzi diola zabaldu du Herbehereetako egunkari batek.

Gauzak are gehiago okertzeko, gobernua ez osatzeak airean utzi du bigarren erreskatea, eta horko 130.000 milioi euroetatik 50.000 milioi inguru bankuak kapitalizatzeko zen.

Kapital ihesa eragozteko moduetako bat corralito-a izan daiteke, Argentinak 2001ean egin zuen bezalaxe, hau da, herritarrei eta enpresei bankuetatik diru kopuru txiki bat bakarrik ateratzen uztea. Neurri hori Espainian ere ezarriko dela iragarri du Paul Krugman ekonomistak, eta kalapita handia eragin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.