Greziako parlamentari ohiak, kalte-ordain eske

Sistema judizialeko goi kargudunei baino gutxiago pagatzeagatik, ehunka milioiko ordaina eskatu diote gobernuari

2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Greziako diputatu ohiei ez zaie askorik axola herrialdea hondoa jotzeko zorian egotea, haietako 117k ehunka milioi euroko kalte ordainak eta pentsioetan atzeraeraginezko igoerak eskatu baitizkiote estatuari. Itxura denez, 2008an, parlamentarien soldatak sistema judizialeko goi kargudunen soldatekin parekatzeko lege bat onartu zuen Greziako Gobernuak. Diputatu ohi horien esanetan, baina, gobernuak lege hura hautsi du. Horregatik, Kathimerini egunkariaren arabera, pentsioetan dagokien aldea ordaintzeko eta eragindako kalte moralagatik ordaina emateko eskatu die gobernuari.

Parlamentarien eskakizunak sekulako ezinegona sortu du herritarrengan, eta Greziako hedabideek haien kontrako kritika gogorrak kaleratu dituzte, azken bi urteetan gobernuak%20 eta %40 artean murriztu dituelako gainontzeko herritarren pentsio ordainak. Gainera, azken zurrumurruen arabera, gobernua lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 751,39 eurotik jaistea aztertzen ari da. Aldiz, diputatu bakoitzak hilean 5.600 euro kobratzen ditu. Gainera, auzia are mingarriago egiten du kalte ordain eske epaitegietara jo duten parlamentarik horietako batzuk eroskeria, ustelkeria eta iruzur kasuetan nahastuta egoteak.

Ethnos egunkariaren arabera, karguan lau urtez egon diren diputatu greziarrek hilean 1.404 euroko pentsio ordaina jasotzen dute, hamar urtez egon direnek 3.510 eurokoa eta 17 urte baino gehiagoz egon direnek 4.493 euroko. Gero osagarriak gehitu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.