Atzo arratsaldean hasi eta gaur goizaldean bukatu den bilera batean egoera desblokeatzea lortu dute Greziak eta Euroguneko beste herrialdeek. Horren bidez, Greziak hirugarren erreskatea jasotzen jarraitzeko lehen azterketa gainditu du.
Akordioa berretsi beharko dute gaur euroguneko Finantza ministerioetako bigarren arduradunek (Eurotaldeko Lan Taldea), eta gero igaroko da Greziako Parlamentura, ostegunean onar dezan.
Behin parlamentuak onartu ondoren, Greziak dirua jasoko du —2.000 milioi gastuetarako eta 10.000 milioi bankuak berehala kapitalizatzeko—, baina zerbait agian garrantzitsuagoa lortuko du: bere zor ikaragarriari buruzko negoziazioa irekitzea.
Etxegabetzeei buruzko desadostasunek atzeratu dute Greziaren eta haren hartzekodunen arteko akordioa. Europako erakundeen ustez, egungo araudiak babes gehiegi eskaintzen du. Hala, populazio ahulena babesteaz gain, bankuari ez ordaintzeko bidea irekitzen die «ez ordaintzaile estrategikoei», Finean, bankuek hipotekari aurre egiten ez dioten jabe gehiago kaleratu ahal izatea eskatzen zuten europarrek. Oro har, haien tesia nagusitu da. Etxegabetzeei buruzko lege berriak soilik diru sarrera txikiak dituztenak babestuko ditu: urtean 8.180 eurotik behera irabazten dituzten ezkongabeak, 13.917 eurotik beherako bikoteak eta 20.639 eurotik beherako familiak (bi seme-alabekin). Horiek guztiek estatuaren laguntza jasoko dute hipoteka ordaintzeko. Diru sarrera pixka bat handiagoak dituztenek (13.906 euro ezkongabeen kasuan) ordainketak epe batean egiteko aukera izango dute.
Kalkulatu dutenez, baldintza horiek betetzen dituzte hipoteka pagatzerik ez duten hamar kasuetatik seik.