Greziaren eta Espainiaren gaineko kezkak eurogunea moteltzen ari dira

Alemania ere atzeraldian sartu dela iradokitzen du PMI eta Ifo erakusleen okertze nabarmenak

Iker Aranburu.
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko kideek beste hilabete bat eman diete beren buruei hazkundea bultzatzeko neurriak indarrean jartzeko. Baina ekonomiak ez die itxaroten, eta azken erakusleek esaten dute Greziari eta Espainiari buruzko kezkek bizkortu egin dutela beheranzko joera.

Hiru hileroko datu ofizialen aurretik, hiletik hilera ekonomiak izaten duen bilakaera neurtzen duten indizeetako bik emaitza kaskarrak eman zituzten atzo. Batetik, euroguneko enpresen erosketa maila neurtzen duen PMI indizea apirileko 46,7tik maiatzeko 45,9era jaitsi da. Azken hiru urteotako jaitsierarik handiena da, jarduera ekonomikoaren %0,5 apaltzearen parekoa. 50etik beherako zenbakiek atzeraldia erakusten dute, eta berritasuna da Alemania ere maila horretatik jaitsi dela, 50,5etik 49,6ra.

Urteko lehen hiruhilekoan atzeraldiari ozta-ozta izkin egin zion euroguneak, batzuren jaitsiera konpentsatu zuelako Alemaniaren ustekabeko emaitza onak —%0,5 hazi zen—. Baina giroa goibeldu da han ere, eta Municheko Ifo institutuaren arabera, enpresen konfidantza mailak hiru puntu galdu zituen, 106,9ra arte. Azaroaz geroztiko datu txarrena da, eta jaitsiera handiena 2008 amaieraz geroztik.

«Herrialde periferikoen egoera Frantzia eta Alemania kutsatzen ari da», azaldu du Chris Williamsonek, PMI indizea kaleratzen duen Markit azterketa etxeko ekonomistak. «Alemania ere ukitzen dute euroguneari buruzko zalantzek», gaineratu du Ifoko presidente Hans Werner Sinnek.

Draghi, entzungor

Kutsadura hori hedatzeko arriskua handia da, hurrengo hilabetean euroguneko jarduna are gehiago nahas dezaketen hainbat gertakari izango direlako: hauteskundeak Frantzian eta Grezian, erreferenduma Irlandan, bankuen egoerari buruzko txostenak Espainian... Horietako bakoitzaren emaitzak merkatuak gehiago aztoratzeko arriskua dauka. EBk ezer erabaki aurretik, giroa baretzeko tresnak EBZ Europako Banku Zentralaren aldetik soilik etor daitezke, baina ez dirudi ezer iritsiko denik. Interes tasak gehiago jaisteko eskaerak ugaltzen ari dira, eta Espainiak presio egin dio bere zorra eros dezan, eta prezioa jaits diezaion. Mario Draghi EBZko buruak entzungor egin dio Madrilen eskaerari, eta EBko buruzagiei eskatu die «irudimen politikoa» balia dezatela «Europaren batasun prozesuan aurrera egin ahal izateko».

Prozesu horren emaitza eurobonuak izango direla ziur dago Mario Monti Italiako lehen ministroa. Bezperan, Alemania eta haren inguruko herrialde batzuk izan ezik, besteak alde azaldu zirela nabarmendu du Montik. Baliteke horren aurretik ildo bereko beste neurri bat etortzea: bankuetako gordailuak euroguneko hamazazpi herrialdeen artean bermatzea. Horrekin eragotzi nahi dute herritarrek beren dirua Espainiako edo Italiako bankuetatik ateratzea; batez ere, Greziak euroa utziko balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.