Akordiorik gabe bukatu da bilera. Jeroen Dijsselbloem Eurotaldeko presidenteak ostirala bitarteko epea eman dio Greziari, erabaki dezan erreskatearen luzapena nahi duen, edo ez. "Esan diegu prest gaudela elkarrizketekin jarraitzeko. Orain Greziako agintarien esku dago erreskatearen luzapena eskatzea, programan dagoen malgutasun eskaintza onartuz baina baita konpromisoak betez ere".
Greziaren erreskateak bukaera data du: otsailaren 28a. Egun horretarako akordioa lotu ezean, orain arteko erreskatearen laguntzak etengo ditu Eurotaldeak. Horregatik, begi asko jarriak zeuden gaurko bileran, Europako gobernuetako Finantza ministroen arteko eztabaidatik akordiorik aterako ote zen. Baina ez da halakorik, eta "hurrengo urratsa" ematea Greziari dagokiola erantsi du, gainera, Dijsselboemek.
"Aste hau daukagu", esan du Eurotaldeko presidenteak. Eurotaldeak edozer adosten duela ere, herrialde bakoitzeko parlamentuek berretsi behar dute erabakia. Eurotaldea prest agertu da erreskatea luzatzeko otsailaren 28tik aurrera. Baldintza batzuk malgutzeko prest agertu da, baina Greziari konpromisoak bete behar dituela gogorarazi dio.
Eurotaldeko ministroak prest agertu dira neurri batzuen ezarpenean malguak izateko. Baina Greziari eskatu diote "aldebakarreko neurriak" ez hartzeko. Dagoeneko eginik murrizketa batzuetan atzera ez egiteko ere eskatu diote, horretarako finantzabiderik bermatu ezean. Finantza sektorearen egonkortasuna bermatzeko, eta bere hartzekodunekin dituen betekizunak ez ahazteko ere eskatu diote.
Greziako Gobernuak, aldiz, aldi baterako itun bat sinatu nahi du, gaur egungo erreskatearen luzapenaren ordez. Horrekin batera, ere hartzekodunekin konpromiso bat lortu nahi du udarako; akordio hori egin artean iraungo luke aldi baterako itunak.