Greziako Gobernuaren neurri gero eta desesperatuei izuarekin erantzun diete finantza merkatuek. Europa osoko burtsek hamaikagarren jaitsiera handiekin jaso zuten Greziak porrot egingo duen uste gero eta zabalduagoa. Alemaniako, Greziako eta Europako Batasuneko agintarien ukazioek ez zuten askotarako balio izan.
Atenasko gobernuaren arazo nagusia da dirua agortzen ari zaiola. Literalki. Filipos Sajinidis Greziako Finantza Estatu idazkariak atzo Mega telebista katean batean aitortu zuenez, urrira arteko dirua dute pentsioak eta soldata publikoak pagatzeko. Eta urritik aurrera zer? Bi aukera baizik ez daude: Greziak porrot egin eta ordainketak etetea, ala nazioarteko laguntza gehiago jasotzea.
Merkatuak lehenengoaren aldeko apustua egiten ari dira, eta ondorioen beldur amildu ziren atzo, bigarren egunez jarraian: %2,27 galdu zuen Frankfurteko Dax-ek, %3,16 Bilbokoak, %3,41 Madrilgo Ibexek, %3,61 Eurostoxxek eta %4,03 Parisko CACek. Azken bi horiek galdu zuten gehien, bankuek —eta bereziki banku frantziarrek— asko daukatelako jokoan. BNP-Paribasek, esaterako, Greziaren 5.000 milioi euroko zorra du, joan den uztailean kaleratutako txosten batek dioenez. Societe Generalek 2.500 milioi ditu, Belgikako Dexiak 3.450 milioi Herbehereetako INGk 2.425 milioi... Horiek guztiek %10 inguruko galerak izan zituzten atzo burtsan eta BNP-Paribas izan zen, noski, guztien buru, %12,35eko galerarekin.
Euskal Herriarekin lotura duten bankuek ere sufritu zuten eguna. BBVAk %5,34 galdu zuen, jokoan dituen 127 milioi euroak direla eta —Espainiako Bankuaren datuak dira horiek—. Nafarroako Kutxa partaide duen bankuak, Banca Civicak, bost milioi euro gal ditzake Greziak bere zorrak ez pagatzea erabakitzen badu. Haren akzioak beste %2 utzi zuen atzo, eta 2,3 eurotan itxi zuen, duela hilabete eta erdi kotizatzen hasi zenean baino %15 gutxiago.
Alemaniaren susmoak
Greziak bere zorrak ordaintzeari uzteak zein ondorio izango lituzkeen inork ez dauka erabat garbi, baina Der Spiegel aldizkariak ziurtatu du Alemaniako Finantza Ministerioak gaia landu duela, eta berdin egin duela Europako Batzordeak ere. Aldizkari horrek dioenez, Wolfgang Schaueble Finantza ministroakez du uste Grezia gai izango denik diruaren truke eskatzen zaizkion baldintza gogorrak betetzeko, eta hala jakinarazi die bazkideei.
Bi aukera ikusten ditu Schauebleren taldeak: Greziak euroa uztea edo haren barruan jarraitzea. Kasu batean zein bestean, zorraren erdia pagatzeari utziko lioke Atenasek. Horrekin Greziako bankuek beraiek galduko lukete gehien, eta Europako Banku Zentralak ere galera handiak izango lituzke, zor publiko horren bermea zuen dirua utzi baitie Greziako bankuei.
Betiere Der Spiegel-en arabera, Greziako bankuei sortuko litzaieken zuloa Europako Finantza Egonkortasunerako Funtsak estaltzea nahiko luke Schaueblek. Baina estatuei dirua uzteko funts hori bankuei maileguak ematen hasi ahal izateko aurretik derrigorrezkoa da euroguneko 17 estatuek funts horren betebehar berriak ontzat hartzea. Frantziak dagoeneko egin du eta besteei hilaren amaieraren aurretik berdin egiteko eskatu zieten atzo Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko lehendakariak.
Informazio horiek erabat gezurtatu gabe —«ez gara espekulkazioetan hasiko»—, Alemaniako Gobernuak espero du Grezia gai izango dela bere konpromisoak betetzeko, haren bozeramaile Steffen Eibertek azaldu duenez. Antzeko itxaropena azaldu zuten atzo Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak eta Europako Batzordeak. Hori bai, hiruek ala hiruek argi utzi dute Greziak uztailean hitzartutako erreformak egin beharko dituela baldin eta diru gehiago nahi baldin badu.
Orain arte Greziako Gobernua motel aritu dela uste dute diru emaileek, eta haien ordezkariek —Troika ezizenekoa—oso haserre egin zuten alde hil hasieran Atenastik. Bihar itzuliko dira, eta ikusitakoa gustuko badute baizik ez diote erreskatearen hurrengo zatiari oniritzia emango.
Papandreuren eskaria
Haien iritzia aldarazteko neurri gehiago iragarri ditu Giorgos Papandreu lehen ministroak. Azkenekoak, asteburuan, etxebizitzen gaineko zerga bat ezartzea eta goi karguek beren hileko sari bat ez jasotzea.
Bi neurri horien bidez 2.000 milioi euro biltzea espero du Atenasek, baina hori baino neurri garrantzitsuagoak espero dituzte Alemaniak eta besteek, batez ere pribatizazioak bizkortzea, sektore publikoa txikitzea eta zenbait lanbideren liberalizazioa. Neurri horiek guztien aurkako protestak egunero gertatzen dira Grezian, eta zaildu egiten diote lehen ministroari bere neurrientzako sostengua lortzea Parlamentuan.
Atzo horretan saiatu zen Papandreu, PASOK alderdi sozialistako alderdikideen aurrean. Baikor izateko mezua helarazi zien: «Ez diegu poza emango Greziaren porrotaren alde apustu egiten dutenei edo Grezia eurotik aterako dela irudikatzen dutenei». Azken ahalegina egiteko galdetu zien bere alderdikideei. «Bide luzea egin dugu eta ez da posible azken esprintean [bigarren erreskate planarentzat] babesa ez ziurtatzea». Greziako Parlamentuko 300 kideetatik 155 dira PASOKekoak.
Zor publikoaren krisia. Grezia porrotaren atarian
Greziaren porrotaren esperoan, burtsek beheraka jarraitzen dute
Atenasek aitortu du laguntza gehiago jaso ezean ez dela gai izango urritik aurrera pentsioak eta soldata publikoak pagatzekoBankuen akzioak jaisten ari dira gehien, Greziak zor diena jasoko ez dutelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu