Fagor Etxetresnen lantegi eta enpresa bakoitzaren geroa datozen hilabeteetan ezagutuko da, administratzaileek bere erabakiak hartu ahala. Grumalena ezaguna da jadanik, ordea. Patxi Isasmendi langile batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, Grumal likidaziora eramango dute urtarrilean. Hala erabaki dute administratzaile judizialek. Hala, hilaren lehen egunetan enpresako 148 langileentzako erregulazio dosierra aurkeztuko dute, lantegia ixteko bidean.
Fagorrek 2005ean erosi zuen Grumal, sukalde altzarien adarrean ere bere ekoizpen zentro popioa edukitzeko. Azpeitiko plantako beharginek diote Fagorrek konpromisoa hartu zuela orduan, langileak kooperatibaren bazkide bihur zitezen. Prozesu hori ez da gertatu, ordea, eta Fagor Etxetresnen erortzearekin batera Grumal amildegian gelditu da.
Hainbat egun egin dituzte enpresako ordezkari sindikalek Arrasateko itxialdian, Mondragon taldearen egoitzaren aurrean, eta gaur, enpresako langile guztiak gehitu zaizkie manifestazioa egiteko, greba egunaren deialdia lagun. "Kezka eta larritasuna" ikus daitezen egin dute manifestazioa Arrasaten Grumaleko langileek. Eguberri tristeak pasatuko dituzte inondik ere; urtarrilaren 2rako langileen batzarra deitu dute, eta han "beharbada" greba mugagabeari kiteko erabakia har dezakete.
Grumaleko beharginak haserre daude; administratzaileek emandako informazio batek sumindu egin ditu. Haiek aurkitu duten dokumentazio baten arabera, Grumal salgai zuten 2011tik. "Adarra jo digute", esan du Isasmendik. Fagorreko gainontzeko langile eta bazkideen adinako ahaleginak egin dituztela adierazi du Grumaleko langileen bozeramaileak, baina Grumalekoei ez dietela beste lanposturik eskaintzen Mondragon taldearen barruan. "Argi dugu ez diegula Grumal hondoratzen utziko. Gure lanpostuak defendatuko ditugu". Arantza Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuari ere mezu bat igorri dio Isasmendik; Grumalekoak kooperatibista ez izatea "galarazi dutenei" errieta egiteko esan dio.