Guardianen 120 langile bota nahi dituztela salatu du enpresa batzordeak

Gamesak hurrengo hiru urteetarako plana aurkeztuko du etzi, eta kaleratzeen berri emango du agian

Erredakzioa
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Laudioko (Araba) Guardian enpresako langileek greba mugagabea hasiko dute gaur. Aurretik iragarrita izan arren, atzo zuzendaritzarekin bildu ostean are ozenago egin dute deialdia. Enpresa batzordeak salatu du 120 langile kaleratu nahi dituztela, eta horrekin enpresak argi utzi duela ez daukala «borondaterik» konponbide bat bilatzeko.

ELAk —gehiengoa du enpresa batzordean— kritikatu du zuzendaritzak 120 kaleratze jarri dituela mahai gainean bileraren «lehen minutuan», negoziatzeko prest dagoela esaten duen arren. Enpresari «fede txarrez» jokatzea leporatzen dio sindikatuak, eta ez duela aurkeztu dokumentaziorikkaleratzeak justifikatzeko. Langileak «torturatzen» ari dira, ELAren arabera, haien lanpostua arriskuan dagoela esanda.

Orain arte, aldi baterako lanuzteak egin dituzte langileek, lan itunaren negoziazioa eskatzeko. Aurrerantzean, greba mugagabea hasi eta horri «eusteko» prest agertu dira, lan hitzarmenerako negoziazioa bide onetik amai dadin. ELArekin batera, grebari babesa eman diote LABek, UGTk eta PTGk.

Joan den astean, bi aldeek bilera izan zuten, eta bideragarritasun plan bat abiatzea ezinbestekoa dela esan zuen zuzendaritzak; 70 kaleratze izango zirela azaldu zion langile batzordeari. 600 langile inguru ditu Guardianek, eta automobilgintzarako eta arkitekturarako beira ekoizten dute.

Gamesaren plana, etzi

Gamesak 2013-2015rako negozio plana aurkeztuko du etzi, eta, sindikatuen arabera, enpresak 700-800 langile botatzeko asmoa du Nafarroan —2.000 dira guztira—. Zuzendaritzak baieztatua du «doikuntza handi eta garrantzitsu bat» egingo duela. ELAk bi hilabete baino gehiago daramatza etorkizuna argitzeko eskatzen.

Atzo, Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Gamesari eskatu zion bila ditzala plan horren barruan kaleratzeak ez diren bestelako aukerak, eta horiek «beharrezkoak» badira, behintzat enpresa batzordearekin akordio bat egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.