Ekonomia

Gune plataformak mobilizaziora deitu du Troikako kideen bisita dela eta

Etxaidek eskaera egin die euskal agintariei ekonomia foroan parte har ez dezaten.  

Gune plataformaren agerraldia, gaur. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko otsailaren 27a
07:29
Entzun

“Prekarietatea, pobrezia, ahulezia, zalantza, eskubide murriztuak, eskubide ukatuak, zorra, pribatizazioak, langabezia, aldi baterako enplegua, behartutako migrazioak”. Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek —tartean ELA eta LAB— elementu horien guztien erantzuletzat jo dituzte astelehenean Bilboko Guggenheim museoan elkartuko diren nazioarteko ordezkariak. Ekonomia foroa egingo da bertan martxoaren 3 eta 4an, eta gonbidatuen artean daude Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko presidentea, Angel Gurria OCDEko idazkari nagusia, baita Olli Rehn, Karel de Gucht eta Joaquin Almunia komisarioak, enpresa handietako ordezkariak —BBVA, Iberdrola eta Telefonica kasurako—, Mariano Rajoy Espainiako presidentea, Espainiako erregea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea bera ere. “Gizarte ekonomiko honen errudunak”, plataformako kideek adierazi dutenez. “Sistemaren ideologoak, onuradunak eta beharrezko konplizeak”.

Goi mailako bilera hori dela eta, langile, pentsiodun edo herritarrei dei egin die Gune plataformak mobiliza daitezela. Adierazteko Troikako kideak ez direla "ongi etorriak”. Horretarako, manifestazio nazionala egingo da astelehenean, 10:00etan, Jesusen Bihotza plazatik eta Arriaga plazatik abiatuko diren bi zutabetan banatuta. Ondoren, plaza eliptikoan elkartuko dira, eta Guggenheim museora inguratzen saiatu. Aurreikuspenen arabera, Euskadi plazan egingo dute ekitaldi nagusia, gehiago inguratzen ez dielako uzten, sindikatuetako iturrien arabera. Arratsaldean, bestalde, hitzaldiak emango dituzte EHUko Paraninfoan. Yayo Herrero globalizazioan eta desazkundean aditua, Mertxe Larrañaga nazioarteko ekonomian aditua eta Iñaki Moreno Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren sustatzaileetako bat izango dira bertan.  Azkenik, 19:00etan manifestazioa egingo dute Euskadi plazatik Arriaga plazara, “jakin dezaten herritarrek sistema ekonomiko eta sozial horretako eliteei bizkarra ematen” dietela.

Goi bileraren data horietan, gainera, euskal langileak urtero kalera irteten direla gogorarazi du Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak. Egun horretan, 1976 urtean Espainiako poliziak bost langile hil zituen Gasteizen “euren eskubideak defendatzen ari zirela”. Horregatik, Etxaidek esan du, hildako behargin horien aldarria hartuko dutela asteleheneko manifestazioan.

"Ez dezatela parte hartu"

Eta ez hori bakarrik. Etxaidek dei zuzena egin die euskal erakundeetako ordezkariei —lehendakariari eta Bilboko alkateari—: “Ez dezatela parte hartu foro horretan, eta ez diezaiela gure izenean ongietorririk eman”. Gainera, nazioarteko eta Espainiako ordezkarien aurrean bigarren mailan geratzen direla ere nabarmendu gura izan du.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, berriz, Guggenheim museoan elkartuko diren eragileek sortutako egoera ekonomikoa izan du gogoan. “Aurrekontuen diziplina ezarri dute Espainiatik, eta Eusko Jaurlaritzak bere egin du”. Gainera, Espainiako defizita gehiago murriztu beharko dela esaten ari direnean, horrek “euskal erakundeei ere eragingo” diela gogorarazi du Muñozek. Eta ez hori bakarrik, murrizketa eta erreforma gehiago ere etortzeko direla esan du.

Bestetik, Kutxabanken egoera ekarri du gogora ordezkari sindikalak. “Duela bi urte bat egitearen aldeko erabakia hartu zenean, horren bultzatzaileek bazekiten zertan ari ziren, eta zein ziren Europaren asmoak”. Horregatik, orain “beste aukerarik” ez dagoela dioten politikariak gaitzetsi ditu: “Hemeroteka begiratu besterik ez dago esan dituzten gezur guztiez jabetzeko”. Horregatik, ehun urtetik gorako historia duen kutxa bat kapital pribatuari “oparitzea” leporatu die.

Beste protesta bat, igandean

Gune plataformarena ez da izango goi bileraren aurkako protesta bakarra. CCOO, UGT eta  LSB-USO sindikatuek, Europako Sindikatuen Konfederazioaren sostenguarekin, iganderako deitu dute manifestazioa. "Kalea hartuko dugu; entzun behar gaituzte, foro horiek ez baitaude lotuta instituzio demokratikoetara", ziurtatu du gaur goizean Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak. Haren hitzetan, igandeko manifestazioak balio behar du "herritarrek beren haserrea erakusteko astelehenean Guggenheim museoan bildutako askok bultzatu dituzten austeritate politiken aurka, gizarte eskubideen murrizketen aurka, soldaten jaitsieraren aurka".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.