Ametsek askotan gure grinen kolorea dute», dio Gotzon Garatek 747. zenbakia jarri zion atsotitzak. Ibex-35 (+%0,7) indizeari erreparatuz gero, azken bi urteotan %36 galdu duela ikus dezakegu; azken urtean, aldiz, %15 soilik galdu du. Baina ameslarienek, azken sei hilabeteetan %6ko igoeraren kolorea ikusiko dute. Goldman Sachs (-%0,26) AEBetako bankuaren emaitza onek (3.400 milioi dolar hiruhileko bakarrean), han Citigroup (+%3,6) eta hemen BBVAren (+%2,59) grina piztu zituzten, batik bat. Bestalde, Euroguneko BPG datuak ez dira txarrak, Espainia amesgaiztoan eta Alemaniako Zew konfiantza indizea halamoduz ibili arren. Bederen euroa egonkor samar dabil dolarrarekiko. Bestalde, %1na pasa igo ziren Santander eta Repsol-YPF blue chip-ak ere, euren mozkinen zati handia Espainiatik at biltzen baitute. Ametsak eta grinak, beraz, kolore ezberdinak erakusten dituzte oraingoz. Mozkin berrien argia behar da, ametsetatik eurotara iristeko.
Zinkia. Pocoyo panpina urdinaren eskubideak dituen ekoiztetxearen akzioa, gaur salerosiko da lehenengoz Mercado Alternativo Bursatil delakoan. Hasera batean egin asmo zuen Saltzeko Eskaintza Publikoaren (SEP) kapital hedatzeari eutsi dio (3,6 milioi akzio berri jaulkiz), baina egungo jabeen 3,6 milioi akzioren eskaintza erretiratu du. SEP guztia akzioko 2,6 eta 4,1 euro artean egin asmo zuten arren, 1,92 euroan finkatu dute azkenean prezioa. Horrek 40 milioi euroko balioa aitortzen dio Zinkiari, hasiera batean espero zuten 85 milioiko kopurutik urrun.
Gure grinen kolorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu