Gustura egindako lanaz

Miren Garate.
2010eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Hirurogeita hamahiru urte ditu Jose Manuel Aiesak, eta azken hogei urteetan CEN Nafarroako enpresaburuen elkarteko presidentea izan da. Atzo izan zuen azken eguna karguan. Egindako lanaz harro doala esan zuen, «leialtasuna, pazientzia eta sukalde asko» eskaini dituelako. Geratu zaion arantza: enpresen nazioarteratzea ez garatu izana nahi adina.

Lau aldiz eman diote babesa enpresaburuek presidente jarraitzeko. Hogei urteetako lorpen guztien artean, ordea, UGT eta CCOO sindikatuekin lortutako elkarrizketa sozialerako mahaia nabarmentzen du Aiesak. Ez da oso ohikoa izaten patronala eta sindikatuak ondo konpontzea, baina CENeko presidenteak harreman estua du UGT eta CCOOrekin. «Oraindik ere hiruzpalau hilabetean behin geratzen naiz Miguel Anzizarrekin eta Jesus Garatearekin bazkaltzeko. Eztabaidatu ere egiten dugu, garai zaharretan bezala», kontatu du. 2008an, ordurako krisia hasita zenean, Nafarroako urrezko domina ere jaso zuten CENek, CCOOk eta UGTk.

Aurerantzean ere langileek ordezkariekin harreman ona izaten jarraitzeko itxaropena du Aiesak. Ez guztiekin, ordea. Guztiz bestelakoa izan da presidenteak CCOO eta UGT ez beste sindikatuekin izandako tratua. «Konfrontazioa bakarrik» bilatzea leporatu die. Haiek ere ez dute maite-maite izan CENeko burua. Atzo bertan, haren azken eguna zela eta, elkarretaratzea egin zuten ESK-k eta CGTkCENen egoitza aurrean. «Begira nola utzi duzun Nafarroako lan merkatua», esan zioten.

Sindikatuek patronalari bezala, Aiesak Jose Luis Rodriguez Zapaterori egotzi dio maiz krisiaren aurka neurri egokirik hartu ez izana. Otsailean egindako elkarrizketa batean, Espainiako presidentearen dimisioa eskatzeko greba orokor bat egitea ondo iruditzen zitzaiola ere esan zuen. «Eredu ekonomiko berri baterako bidea ez da Boletin Ofizialetik egiten», adierazi zuen.MIREN GARATE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.