Gutxiago egon arren kalean, protestarako nahia ez da ahuldu

Erretreten erreformaren aurka milaka lagun manifestatu dira Baionan: antolatzaileen arabera, 11.400; Poliziaren ustez, 6.250

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Orain arte Frantziako Gobernuak xede duen erretreten erreformaren aurkako greba egunak gero eta jarraipen handiagoa izan badute, atzokoarena ahulagoa izan zen. Parlamentariek bezperan behin betikoz erreforma bozkatu izanak ukan du bere ondorioa; baita bakantzen garaia izateak, zortzigarren protesta eguna izateak eta Frantziako Gobernuaren tematzeak ere, dudarik ez. Frantzian ere jende gutxiago bildu zen manifestazioetara: bi milioi sindikatuen arabera, eta 560.000 gobernuak dioenez,

Hala ere, milaka lagun atera ziren Baionako karriketara atzo; 11.400 antolatzaileen irudiko, 6.250 poliziaren ustez. Erretretak: beste egitasmo batentzako lemaren gibeletik egon ziren CFDT, CGT, CFTC, FO, FSU, Solidaires eta UNSA sindikatuak, CGTkoak zirela azkarki nagusi. ELB laborarien sindikatua ere egon zen, «berdintasunean, partiketan eta elkartasunean» oinarritutako erreforma baten aldarrikatzen. Horien gibeletik, LAB sindikatua egon zen jendetsu, Demokrazia hemen bertan da, ez Parlamentuan oihukatzen. Bizi! mugimendukoak eta alderdi politikoek zutela jarraigoa ixten.

Ikasleak izan ziren protestara agertu ez zirenak. Han-hemenka zeuden batzuk, baina oro har ez ziren aitzineko aldietan bezain indartsu agertu. Oporren ondorioa segur aski.

Orokorki, jarraigoan egon direnek argi dute egoera ez dela erraza, LABen ordezkari Amaia Fontangek dioen bezala, «bi aldeetan diren medioak ez direlako berak». Hala eta guztiz ere, protestan jarraitzeko determinazioa sentitu da; besteak beste banku batean langile den Christelle Perezek dioen gisara, «bozkatua izanak ez baitu erran nahi betirako bukatua denik borroka».

Jarraitu bai, baina nola?

Duela hiru hilabete hasitako mugimenduari zer jarraipen eman dabiltza asko galdezka. Intersindikalak azaroaren 6rako du ordua finkatua. Horrez gain, lantokietan langileek ekintzak adosteko deia egin du, beti «aldarrikapenak entzunarazteko» eta «gobernuan eta patronalarengan presioa azkartzeko» helburuarekin. Datorren ostegunean erabaki beharra dute mugi- menduari zer segida eman; zurrumurruek diotenez, «beste ekintza» batzuen xedea dute. Frantziako Ekonomia ministroChristine Lagardek, berriz, gaurdanik «aitzina begiratu» behar dela erran du, eta adinekoen eta gazteen enpleguari buruzko solasaldiaren irekitzeko proposamena egin die sindikatuei.

«Mugimendua ez bada, gogortzen ez da ezer lortuko», ziurtatu du, berriz, Bonnet Neve enpresako langile Anthonie Albandosek. Erretreten Aldeko kolektiboa eta Oldartu hautu horren gorpuzten dabiltza azken aste hauetan. Ekonomia blokeatzeko asmoz, garraiobideen blokeatzen eta hainbat egoitza okupatzen dabiltza egunez egun. Atzo ere manifestazioa bukatu bezain laster Merkataritza eta Industria Ganbera okupatu zuten 150 bat lagunek. Hastapen batean, Poliziak bidea trabaturik, lasaiki egin zuten ekintza, eta barnean gelditu ziren lauzpabost orenez. Gaur eta ondoko egunetan ere egingo dituzte gisa horretakoak, Jakes Bortairu kolektiboko kideak dioenez, «determinazioa eta haserrea ez delako txikitzekotan».

Lapurdiko hiriburuaz bestalde, Hazparneko eta Kanboko herriko etxeen aitzinean egin zituzten atzo arratsaldean elkarretaratzeak. Hain zuzen, nahiz protesta gehienak hiriburuan izan, Ipar Euskal Herri guztian mugimendua antolatzen hasia dute; elkarretaratze, biltzar nagusi eta manifestazioen bidez batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.