Gutxiago irabazi arren jarduera indartzen ari dela uste du Gamesak

Urtarriletik irailera, 86 milioi euroren irabaziak izan ditu, iaz garai berean baino %70 gutxiago

Erredakzioa
Donostia
2009ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Gamesak 86 milioi euroren irabaziak izan ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz garai berean baino %70,1 gutxiago. Orduan 288 milioi irabazi zituen, baina kontuan hartu behar da eguzki energiari zegokion zatia saldu zuela, eta horri esker 145 milioi euro irabazi zituela.

Enpresak adierazi duenez, irabazietan izandako beherakadanzerikusia izan dute Espainiako merkatuaren ahulaldiak eta haize erroten parkeak egiteko baimenetan egon diren atzerapenek. Hala ere, Europan jaun eta jabe izaten jarraitu du, merkatuaren %31rekin; AEBetan merkatukuotaren %17 du, eta Txinan, %14.Laugarren hiruhilekora begira, jarduera igo egingo dela uste du Arabako konpainiak.

Galerarik handienak, bi digitukoak, salmentetan, zerga aurretiko mozkinetan (EBITDA) eta zerga ostekoetan (EBIT) izan ditu. Hain zuzen, 2.274 milioi euro lortu ditu salmentetatik, iaz baino %13 gutxiago; 311 milioi euroko zerga aurretiko mozkina izan du, %11 txikiagoa; eta 164 milioi euroko zerga osteko mozkina, %17 txikiagoa. Dena dela, marjinei eustea lortu duela nabarmendu du.

Urtearen azken zatia hobea izango dela uste du Gamesak. Jaso dituen eskari berrien ondorioz, jardueran igoera izatea espero du, «Estatu Batuetako ekonomiaren bilakaerareninguruan zalantza handiak» egonagatik. Hain zuzen, AEBetako eta Txinako merkatuak dira Gamesaren apustu garrantzitsuenak. Hala, datozen hilabeteetan «Txinako merkatuan egonkortzea» eta «AEBetakoan presentzia indartzea» nahi du. Horretarako, AEBetako 30 finantza erakundetara hurbiltzen saiatuko dela esan du, bezeroei laguntza emateko.

Gamesa haize erroten sektorean munduko ekoizle garrantzitsuenetakoa da. Hogei herrialdetan, 16.000 MW ezarri ditu dagoeneko. Ekoizten duen energia urtean 3,45 milioi tona petrolioren parekoa da eta, horrek urtean airera 24 milioi tona CO2 gutxiago isurtzea dakar. Euskal Herrian, Espainian, Asian eta Estatu Batuetan 30 bat ekoizpen zentro eta 7.000 langile inguru ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.