Gutxi barru, Eusko Jaurlaritzak prest izango du Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legea. Araua garatze bidean da, dekretuak banan-banan onartzen dituztelako. Onartutako aurrenekoa etxebizitza gastuetarako laguntza osagarriari buruzkoa izan da, eta indarrean da urtarrilaren 1etik. Diru sarrerak bermatzeko errentari buruzkoa izango da hurrengoa, behin kanpoko kontsulta organoetara igorrita, azken urrats juridikoak ematea baino ez zaiolako falta. Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak, ordea, dekretua berrikusteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko errenta sektore batzuetako soldatara gerturatzeak lan merkatuan ondorioak izango dituelako.
KES ados dago dekretuaren helburuarekin, behar egoeran daudenen diru sarrerak bermatzeari zilegi baiteritzo. Baina, ez dator bat bidean esaten diren gauza guztiekin. Adibidez, dekretuak berebiziko garrantzia ematen dio enpleguari, gizarteratzeko tresna gisa. KESek ere hala dela uste du, baina gogorarazi du gutxieneko errenta jasotzen dutenen bi heren adinekoak, erretiratuak eta ezintasun larriak dituzten pertsonak direla, alegia, «lan merkatura sartzea ezinezkoa zaien pertsonak».
Gainontzeko kasuetan, laguntzen zenbatekoa sektore batzuetako soldatetara hurbilduko balitz, pertsona horiek lan merkatuarekin duten harremana aztertu beharko litzatekeela azaldu du. Kontseiluak zalantzak ditu lan merkatura sartzeko hitzarmena eta Lanbidek egingo duen gainbegiratze lana nahikoak izango ote diren horrek lan merkatuan izan ditzakeen ondorioak ekiditeko.
Baldintza zorrotzak
Gainera, «larriki murriztailea» iruditu zaio etxebizitza bat jabetzan duenari gutxieneko errenta jasotzeko aukera kentzea. Etxebizitza bien izenean duten bikote bat bananduko balitz, etxe hartatik alde egin beharra duenak ez lukeela gutxieneko errenta jasotzeko eskubiderik izango esan du.
Laguntzak eskatzeko bete beharreko beste baldintza bat kritikatu du. Kontseiluaren arabera, eskatzaileek ezingo dute ohiko etxebizitzaz gain beste ondasun higiezinik jabetzan eduki, eta jabetzan duten etxebizitza horren balio katastralaren arabera erabakiko baita gizarte laguntzak eman ala ez. KESenesanetan, irizpide hori ezin da leku guztietan berdin ezarri, kokalekuaren arabera etxebizitzaren balioa aldatu egiten delako.
Eusko Jaurlaritzak argitu du ohiko etxebizitza edozein kontaketatatik at geratuko dela, salbuespenezko baldintzarik betetzen ez badu behintzat. Etxebizitzaren balio kontuan hartuko den arren, laguntza jasotzea ez duela galaraziko zehaztu du.
Horrez gain, lan zentro berezietan eta okupazio zentroetan dauden pertsona ezinduek edota tratu txarrak jasotzen dituen pertsona baten zaintzapean dauden seme-alabek laguntza horiek eska ditzaketen ala ez argitzeko eskatu dio KESek. Eta baietz, eska ditzaketela erantzun dio Jaurlaritzak.
Bukatzeko, iruzurrak saihestearren, laguntzak jasotzen dituztenen egoera periodikoki berrikusteko galdegin dio KESek. Bai eta araua idazterakoan argiagoa izateko ere. Laguntzen iraupena Lanbidek kontrolatuko duela erantzun dio Jaurlaritzak, eta laguntzen helburua pertsona horiek aktibatzea izanik, aldi baterakoak baino ez direla izango. Dekretuak berme juridiko guztiak eta beharrezko argitasuna izango dituela ere ziurtatu du.
Gutxieneko errenta gehiegi igotzeak lan merkatuan eragingo lukeela dio KESek
Diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko dekretua berrikusteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu