Gutxieneko soldata

Gutxieneko soldataren igoerak pixka bat itxaron beharko du oraindik

Akordiorik gabe amaitu da eragile sozialen bilera, Madrilen, baina gobernua prest da hogei euro inguruko igoera iraila amaitu aurretik onartzeko

Espainiako Lan ministro Yolanda Diaz. MARISCAL / EFE
xabier martin
2021eko irailaren 6a
17:05
Entzun

Espainiako Lan ministro Yolanda Diazek ez du presarik erakutsi gaurko Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, bere banderetako bat den edukia lotzeko, nahiz eta aurreko asteko mahai sozialaren bezperan, esan zuen «beharbada» bigarren saioan (gaur) itxiko zela. Batera edo bestera, Diazek hamabi eta hemeretzi euro arteko tarteari eutsi dio 2021. urtea amaitu arteko igoera zehazteko. UGT eta CCOO sindikatuentzat ez da nahikoa, eta 25 euro inguruko igoera eskatzen dute; patronalak ez du bere jarrera aldatu: «Ez da une egokia gutxieneko soldata igotzeko».

Gauzak horrela, Espainiako Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak eman du berea, eta aurrerantzean kontsulta epea zabaldu du gobernuak negoziazioari fokurik gabeko bideak emateko. Horregatik da erraza aurreikustea gutxieneko soldataren igoera irailean bertan adostu dezaketela exekutiboak eta sindikatuek, eta berau ez dela hogei eurotik urrun ibiliko; oso zaila ematen du Diazek patronalaren oniritzia lortzea oraingoan. Aurreko igoeren eta ABEEen akordioetan CEOEk gobernuari emandako baietzak nahikoak direla ematen du, are gehiago Antonio Garamendi presidentea estu baino estugo hartu ondoren eskuinak eta eskuin muturrak.

Orain arte, gutxienekoaz plazaratu diren kopuruak honako hauek dira: hamabi eta hemeretzi aureko arteko igoera 2021. urtea amaitu arte, eta 1.027 euroko gutxieneko soldata 2023. urterako, datozen bi urteetan beste 46 euro igota. 2020. urteko hasieran iritsi zen azken akordioa eragile sozialen artean, eta gutxieneko soldata %5,5 igo zuten, 950 eurora arte; hamalau ordainketa dira urtean: 13.300 euro urtean. Akordio berriak 970 euro inguruan utziko du gutxienekoa, eta Madrilen bere bide-orria betez gero, 1.027koa izango da 2023rako. Madrilek 2018an igo zuen aurretik gutxieneko soldata; orduan ere, Pedro Sanchez (PSOE) zegoen gobernuan, eta Unidas Podemosekin hitzartu zuen igoera, aurrekontuak babestearen truke. 900 eurotan jarri zuten, %23,3 igota —1977tik izandako igoerarik handiena—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.