Iruñerriko taxi gidariek bi hilabete daramatzate greban. Zerbitzu minimorik ere ez ematea erabaki dute. Izan ere, Taxien Legearen kontra ari ziren protestan, baina, hala ere, Nafarroako legebiltzarrak onartu egin zuen lege hori, atzo, UPN eta CDNren bozekin. Gainera, astelehenetik itxialdia egiten ere ari dira, Iruñeko Donibane auzoko Jasokunde elizan.
Taxi gidariek "bere hitza jatea" egotzi diote Alvaro Miranda Nafarroako Herri Lan eta Garraio kontseilariari. Taxi gidariek diotenez, Mirandak legean aldaketak eginen zirela ziurtatu zien, baina Gobernuak atzera egin du. Legeari oposizioak aurkeztu dizkion 104 zuzenketen eztabaida hasi da Nafarroako Parlamentuan. UPN eta CDN alderdiek gehiengo osoa dutenez, Taxien Legeari aldaketak egitea zaila izanen da. Gobernuaren jarrera salatzeko, hogei bat taxi gidarik itxialdia hasi zuten astelehenean. Miguel Sanz Nafarroako presidentearekin bilera eskatu dute hitz eman zitzaiena ukatzen zaien argitzeko. Bilera egin arte, Iruñeko Donibane auzoko Jasokunde elizan itxita egonen direla esan dute.
Lizentzia gehiegi
Nafarroako Gobernuak onartutako Taxiaren Legeak Iruñerrian 750 biztanleko taxi bat egotea aurreikusten du. Orotara Iruñerrian 400 taxi egonen lirateke 2009. urterako. Egun 224 taxi gidari daude eta taxi gidariek Gobernuak eman nahi dituen lizentzia berriak gehiegi direla salatu dute. Gainera, legeak lizentzia baten jabeak soldatapekoak kontratatzea ere aurreikusten du. Onartu dute taxi gehiago behar dela baina gehienez, ehun lizentzia berri gehiago onartuko dituztela esan dute behin eta berriro. Orain arteko zerbitzua eskasa da, Iruñerrian taxi bat dago 1.375 biztanleko; Donostian, berriz, 590 taxi daude biztanle bakoitzeko, eta Bilbon 455.
Herri Lan eta Garraio kontseilariaren esanetan, berriz, lege berriak "herritarren nahietara moldatuko den zerbitzu modernoa eta eraginkorra" emateko aukera eskainiko du eta "taxi-zerbitzu zaharkitua atzean uzteko aukera" izanen da.
taxi gidarien greba
Gutxieneko zerbitzuak ere ez dituzte egingo Iruñerriko taxi gidariek
Apirilaren 14an greban egiten hasi zirenetik gutxieneko zerbitzuak betetzen ari ziren Nafarroako taxi gidariak, baina orain, hori egiteari ere uztea erabaki dute. Gaur, Nafarroako Legebiltzarreko erregistrora joan dira, eta han utzi dituzte 220 taxien giltzak. Izan ere, UPNk eta CDNk Taxien Legearen artikulu bat onartu zuten atzo, Nafarroako Legebiltzarreko batzordean. Taxi gidariak ez daude ados horrekin, lege horren arabera, "lizentzia gehiegi" emango liratekeela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu