Bi urteko legegintzaldia geratzen zaio PPri Espainiako Gobernuan, eta horietan onartu nahi dituen zenbait erreformaren berri eman du Mariano Rajoy presidenteak. Horien artean dago greba arautzea, eskubide hori mugatzeko helburu argiarekin. Izan ere, goizean RNEri eskainitako elkarrizketan, Rajoyk aipatu du grebetako gutxieneko zerbitzuak arautzeko lege proiektu bat eskatu diola Lan Ministerioari, zerbitzu horiek "betetzen direla ziurtatzeko". Greba arautzen duen dekretua 1977koa da, baina Rajoyk, oraingoz, ez du berririk egin nahi gizarte eragileen adostasunik gabe. Eta ez dirudi gauzak erraztuko dizkietenik, begi txarrez ikusi dutelako gutxieneko zerbitzuei buruzko balizko legea. "Beroaldien ondorioz legeak egitea eta bere alderdiko ultrek eskatuta ez dirudi akordio bat lortzeko modurik onena", esan du Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak.
Zerga erreforma handia ere iragarri du Rajoyk. Atal gehienek ez diote Hego Euskal Herriari eragiten, baina bai, ordea, zeharkako zergena. Espainiako presidenteak esan du "epe laburrean" behintzat ez duela BEZa ikutuko, ez igotzeko, ezta jaisteko ere. Kultur eragileak behin eta berriro ari dira eskatzen ikuskizunek ordaintzen duten %21eko BEZa jaistea, sektorea hondoratzen ari delakoan.