LANEKO EZBEHARRAK

Gutxienez 1.260 behargin hil dira istripuan azken hamar urteetan

Lan Arriskuen Prebentziorako Legeak ez du eten tragedia, Hegoaldean dagoeneko hamar urtez indarrean egon arren

Ivan Santamaria.
GASTEIZ
2005eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
1995eko azaroaren 8an argitaratu zuen Espainiako Buletin Ofizialak Lan Arriskuen Prebentziorako Legea. Hamarkada batez indarrean egon den araudiak ez du, ostera, lanean hiltzen diren beharginen drama geldiarazi. Aurreko astean, esaterako, bi egunean lau pertsona zendu ziren euren lanpostuan. Zerrenda beltzak, sindikatuetako iturrien arabera, 90 hildakotik gora ditu dagoeneko aurten. Aurreko urtean ez ziren hil hainbeste, baina aurten arazoaren krudelkeria puri-purian dago. Eta sokak ez du etenik.

Estatistika ofizialen arabera, laneko istripuak arazo iraunkorra bihurtu dira. 1996tik dago legea indarrean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta, gutxienez, 1.263 langile hil dira istripuetan harrezkero. Lantokirako joan-etorrietan gertatzen direnak (in itinere) zenbatu gabe ere, hotzikara ematen du lantokian bertan jazotako heriotza kopuruak: 850 baino gehiago. Estatistikek, haatik, beste heriotza ugari ezkutatzen dituztela deitoratu dute sindikatuek. Besteak beste, istripu larri bat izan eta egun batzuen buruan hiltzen diren langileenak, autonomoenak edo lan kontraturik gabe ari direnenak.

Nazioarteko Lan Erakundeak (ILO) aurten kaleratutako txostenaren arabera, egunero 5.000 langile hiltzen dira munduan lanean gertatutako istripuen eta gaixotasun profesionalen ondorioz. Europako Batasunean (hamar kide berriak zenbatu gabe) 5.740 heriotza dira urtero. Hego Euskal Herriak, Europarekin alderatuta, kezkatzeko datuak ditu, aurreko urtean istripu guztiak heriotzak bereziki nabarmen gutxitu baziren ere. Ehun mila langileko 3,52 lagun hiltzen dira Europan, eta halako hiru hil ziren iaz Bizkaian (10) eta Gipuzkoan (9). Araban (5,5) eta Nafarroan (4,7) ere EBko batez bestekotik gora daude. Haatik, gorabehera handiak izan dituzten zenbakiak dira, eta 1999tik aurrera ia urte eta herrialde guztietan ehun mila langileko hamar baino gehiago hil dira.

Mila langileko, bestalde, 26,92 istripu gertatzen dira hamabost herrialdeko Europan. Hegoaldeko herrialde guztiek gainditzen dute, nabarmen, kopuru hori: Arabak (63,6), Bizkaiak (48,2), Gipuzkoak (42) eta Nafarroak (60,5). Ez da ahantzi behar, gainera, joan den urteko jaitsiera adierazgarria, eragile guztiek tentuz neurtu beharrekotzat jo zutena.

Prekarietatea eta istripuak, estu lotuta

Ezbeharren azterketa guztietan, hainbat faktore azpimarratzen dituzte. Bik areagotzen dute, batez ere, arriskua: aldi baterako kontratuek eta azpikontratazioak. Osalanek, esaterako, aldi baterako kontratua duten beharginek istripuak izateko bi aldiz arrisku handiagoa dutela nabarmendu du. ELAk, berriz, 2004an istripu larria izan zuten hamar langiletik sei azpikontratetan ari zirela salatu du, eta egoera horretan zeuden, gainera, hildakoen %65.

Enpresaren tamainari dagokionez, istripuen herena baino gehiago 25 langile baino gutxiago dituzten enpresetan gertatzen da Hegoaldean, UGTk kaleratutako ikerketa baten arabera. Iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanean hil zirenen erdiak ere neurri horretako enpresetan ari ziren.Legea ezarri eta berehala, istripuak erruz ugaritu ziren Hego Euskal Herriko herrialde guztietan. 2000. urtean hiru egunean behin langile bat hil zen. Istripu kopuru guztia aintzat hartuta, berriz, 2001 izan zen urterik beltzena: 72.265 zaurituk gaixo-agiria behar izan zuten. Azken zazpi urteotan, era berean, egunero gutxienez gaixo-agiria eman behar izan duten 164 ezbehar gertatu dira.2001etik aurrera behera egin dute, apal, laneko istripuek. Hala ere, legea indarrean sartu zen urtean baino ia 11.000 lagun gehiago zauritu ziren iaz. Sarritan populazio okupatuaren igoerarekin lotu da kopurua hori. Espainiako Lan Ministerioak arriskua duten mila langileko dauden istripuak neurtu ditu. Araban izan ezik, beste herrialdeetan behera egin dute. Eta, iazko datuen arabera, jaitsiera adierazgarria izan zen Nafarroan eta Gipuzkoan, eta txikiagoa Bizkaian. Araban arriskua duten mila langileko 72 istripu gertatzen dira, eta okupaturiko mila langileko, 63,6. Arriskuen prebentzioa martxan jarri zenean baino gehiago dira, gainera.Eraikuntzak, alde handiz, alarma guztiak dauzka pizturik. Egoera oso larria da Nafarroan eta Araban, mila langileko 145 istriputik gora gertatzen baitira sektore horretan. Arriskua batez bestekotik gorakoa da industriaren esparruan ere.Legeari egiten zaizkion kritika nagusiek, ondorioz, ezbeharrei aurre egiteko ezintasuna salatzen dute. Hala ere, marko orokorragoa du zaintzapean: langileen osasuna eta segurtasuna bermatzea. Arriskuen ebaluazio derrigorrezkoa ezarri zuen legeak. Haatik, prebentzioa ez da enpresaren jadueran integratu, eta konpainia gehienek nahiago dute kanpoko zerbitzuen esku utzi zeregin hori. Gaixotasun profesionalen kasuan, bestalde, oraindik ez dute berritu 1978tik dagoen zerrenda itxia, nahiz eta hiru hamarkadan ikerketa medikoak alor horretan aurrerapauso asko eman. Gizarte eragile askorentzat, Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen porrotaren adierazle dira neurgailuok, ez baita aski izan laneko istripuak etengabe jaitsarazteko eta osasuna bermatzeko. Lanera joateko etxetik atera baina itzultzen ez diren beharginak asko dira oraindik. Gehiegi.

Egitura konplexua, eragina eskasa





PREBENTZIOAREN AKTOREAK. Laneko segurtasuna eta osasuna bultzatzeko filosofia aldaketak lege, arau, erakunde publiko eta esku-hartze ugari ekarri ditu, baina emaitzak beti ez dira izan nahi bezalakoak

i. s. - GASTEIZ

Europak zabaldu zuen, 89/391/EEE arteztarauaren bidez, laneko osasunaren eta segurtasunaren ikuspegi berria. Prebentzioak zuen lehentasuna, eta arazoari modu integratuan aurre egiteko beharra onartu zen. EBren urratsari beste batzuek jarraitu zioten, eta, hala, laneko arriskuen prebentziorako lege eta erakunde egitura konplexua sortu zen. Beti eraginkorra izan ez den nahas-mahasa bihurtu da urteen poderioz.

Hego Euskal Herrian aldaketa nagusia 1995ean iritsi zen, Espainiako Gorteek onartu zuten Lan Arriskuen Prebentziorako Legearekin. Araudiak 1971ko ordenantza zaharkitua ordezkatu zuen, eta, besteak beste, enpresaburuaren bizkar utzi zuen langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko ardura, prebentziorako batzordeak eta ordezkariak sortu zituen eta enpresa guztiak arriskuak neurtzeko ebaluazioa egitera behartu zituen.Tramitean talde politiko bat bera ere ez zen aurka azaldu, eta boto zuri bakarrak EAJrenak izan ziren. Jeltzaleen aburuz, legea zentralista zen, 54 artikulutik 46 oinarrizkotzat eta erkidego guztietan ezarri beharrezkotzat jotzen zituelako.

Prebentziorako Fundazioa eta euskal langileen dirua

Aldiz, Emilio Olabarria garai hartan EAJk Kongresuan zuen bozeramailea pozik geratu zen gerora oso polemikoa izan den legearen beste puntu batekin. Hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarriak zioen Espainian Laneko Segurtasuna eta Prebentzioa sustatzeko fundazio bat sortuko zela. Pozik azaldu zen Olabarria, legeak baitio eskumena duten erkidegoei fundazioak dagokien diru kopurua eskualdatu behar diela. Baina ez da horrela gertatu.

Fundazioa 1999an osatu zen, CEOE eta Cepyme patronalen eta UGT eta CCOO sindikatuen babesarekin. Dirua mutualitateen soberakinetik jasotzen du: 60 milioi euro 2000-2005 eperako. Fundazioak erabakitzen du urtero diru hori nola banatu, eta, jaso ahal izateko, plan zehatzak aurkeztu behar zaizkio. Aurten EAEra 800.000 euro inguru bideratzea aurreikusi zuen. Euskal Herriko gehiengo sindikalak uko egiten dio horri, kopurua ez baitago euskal langileen ekarpenetan oinarrituta eta, gainera, Madrilen erabakitzen delako zertara bideratzen diren sosak. Confebask, UGT eta CCOO dirua eskatzearen alde daude.Osalanen ez dira ados jarri, eta Jaurlaritzak ELA eta LABekin bat egin du eskaeraren aurka. Joseba Azkarragaren Lan Sailak onartzen du ezin dela «Madrilen lehiatila hutsa izan», are gutxiago eskumenak izanik.Prebentziorako dirua sindikatuen banaketaren beste atal bat besterik ez da. Filosofian kontrajarriak dauden ereduak dira, eta horren erakusle da hildako bat gertatzen den aldi oro bi elkarretaratze izatea: ELA, LAB, ESK, eta EILAS alde batetik eta CCOO, UGT eta LSB bestetik.

Legearen porrota agerikoa zen onartu eta sei urtera, istripuak etengabe igotzen ari zirelako. Erreforma Madrilen egosi zen, non bestela, euskal ordezkaritzaren parte-hartzerik gabe, eta CEOEk, UGT eta CCOOk eta Lan Ministerioak hitzartu zu-ten.

Prebentzioa enpresaren egituran sartzeko zailtasunak onartzen zituzten, eta konponbide batzuk aurreikusi: ebaluazioa ez zen nahikoa, eta enpresa guztiek prebentziorako plan bat ezarri behar zuten. Plan horrek, agiri batek azken finean, finkatu behar zuen prebentzioaren ardura antolakuntzan nori dagokion eta nola gauzatuko zen.Aldaketak ez zuen inor gogobete Euskal Herrian. Osalan ere aurka azaldu zen, erakundeko teknikarien txostenei ziurtasun printzipioa aitortu bai, baina azken hitza Lan Ikuskaritzari ematen baitzion, neurri batean erkidegoko funtzionarioak estatukoen menpe jarriz.Lan Ikuskaritzaren beraren egoera kaskarra hizpide izan da azken boladan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 53 ikuskatzaile daude, bakarra 17.000 langileko. Europan, batez beste, ikuskatzaile bat dago 7.000 langileko. Ikuskaritzak du legea betearazteko erantzukizuna.Eusko Jaurlaritzak Osalan sortu zuen laneko segurtasuna sustatzeko. Patronalaren eta sindikatuen parte-hartzea eta oniritzia zuen, baina, urteen joanean, konfiantza desagertu da, eta horren erakusle da urteko kudeaketa plana hitzarteko adostasun falta. Sindikatuen aburuz, bitarteko eta finantzaketa gabezia handiak ditu Osalanek. Jaurlaritzak bideratzen dituen sosak ia ez dira aldatu azken urteotan: 2004an 13,59 milioi euro, 12,93 milioi iaz eta 13,77 milioi datorren urteko proiektuan.

Lan arriskuen prebentziorako zentroa Araban





Ezbeharrak gutxitzeko estrategiaren barruan, prebentzioaren kultura gizarte osoari zabaltzeak garrantzi handia hartu du azken urteotan. Gokai fundazioak beste pauso bat emango du, eta datorren urteko apirilean prebentzioari buruzko zentro handi bat martxan jarriko du Jundizko industrialdean (Gasteiz). Europako handiena izatea nahi dute. Hiru solairuko eraikina izango da, 1.500 metro koadro izango ditu, eta hiru milioi euroko inbertsioa izango du. Lehen urtean 30.000 bisitari erakartzea espero dute, tartean eskoletako ikasleak. Mercedes, Gasnalsa, Michelin eta Cegasa konpainiek, besteak beste, lagunduko dute ekimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.