Gutxienez euro bat eta gehienez 440 itzuliko dizkie Ogasunak nafarrei

Aurten ez ezik datozen urteetan ere indarrean egongo da neurria, «gauzak okerrago egongo direlako»

Erredakzioa
2008ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek maiatzaren amaieran egin bezala, Jose Luis Rodriguez Zapaterok martxoaren 9ko hauteskundeei begira agindutako 400 euroak zerga ordaintzaileei itzuliko dizkiela iragarri du Nafarroako Gobernuak. Horretarako, PSNrekin Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren legea aldatzea adostu du, eta, ondorioz, datorren urtetik aurrera, 2008. urtearen errenta aitorpena egitean, 440 euro arteko diru kopurua jasoko dute nafarrek.

EAEko biztanleek ez bezala, Nafarroako zerga ordaintzaileek batera jasoko dute dirua, eta bakoitzak dituen irabazi gordinen araberakoa izango da kopuru hori. Bost multzo bereizi dituzte, mozkinen arabera: Urtean 11.200 eurotik beherako laneko mozkinak dituztenei 440 euro bueltatuko dizkiete. Kopuru hori gainditu baina 14.680 eurotik behera daudenek, berriz, 440 eta 400 euro bitartean jasoko dituzte. Errenta altuenekoei, 40.000 eta 48.700 euro artekoei, 100 eta euro bat bitarte itzuliko zaie. Handik gorako laneko mozkinak dituztenek ez dute ezer jasoko.

Nafarroako Ogasunari 63,3 milioi euroko gastua ekarriko dio Gobernuak eta PSNk adostu eta datorren astean sinatuko duten PFEZren gaineko legearen erreformak. PSNk atzo eman zuen akordioaren berri, eta Elena Torres alderdiko idazkariorde nagusiak esan zuenez, 357.000 nafarri eragingo die erreformak. Era berean, 400 eta 440 euro bitarteko kopuruak 50.000 zerga ordaintzaileri itzuliko dizkietela azaldu zuen.

Soldatapekoak ez ezik, foru erkidegoan norbere kontura lan egiten dutenen %52k ere erreformaren onurak nabarituko dituztela esan zuen, 40.000 inguruk, «profesionalak ez ezik, laneko mozkinak ere badituztelako». Horrez gain, autonomoei begirako bestelako neurriak hartuko dituzte, esaterako, BEZa hilero itzultzen hastea.



2009. urtetik aurrera ere bai

Ekonomiaren motelaldiari aurre egiteko neurria ez dute aurtengo kanpainara mugatu. Iragarri dutenez, hurrengo urteetan ere indarrean egongo da, eta, horrez gain, zergadun bakoitzaren eskubidea izango da. Ondorioz, bikote batek errenta aitorpen bakarra eginda ere, bakoitzari dagokion kopurua itzuliko zaio. Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilari Alvaro Mirandak akordio «ona» deritzo PSNrekin hitzartutakoari, «errentarik txikienak dituztenei laguntzen dielako, eta datorren urtean gauzak okerrago egongo direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.