Frankfurteko egoitzaren erosotasuna utzi, eta Bartzelonara joan da maiatzean EBZ Europako Banku Zentraleko kontseilua. Herritarrek erakundea «hobeto ezagutzeko», bilerak Alemaniatik kanpo ere egitea bururatu zitzaion EBZri. Nekez sentitu dute hiriko biztanleek hurbiltasun keinu hori, kaleak milaka poliziarekin okupatuta ikusi dituztelako, protesta «bortitzak» eragozteko aitzakiarekin. Aulkia aldatu du EBZk, baina ez mezua: guztiei neurriak eskatu, inolako ekarpen berririk egin gabe.
Diruaren prezioa bere horretan uztea erabaki du bankuko kontseiluak. Interes tasak %1ean jarraituko du beste hilabete batez. Hala izan da joan den abendutik. Atzo murrizketaren bat erabakitzea ez zen espero, eta berriro geratu da agerian asko kostatu zaiola EBZri hortik mugitzea, diruaren interes tasak gutxiengo historikoan daudela kontuan hartuta. Europako Batasuneko herrialde gehienak atzeraldian erortzen ari dira, baina tasak are gehiago murriztuta susperraldiari lagunduko zaiola dioen tesia ez du sobera atsegin.
Oraingoz ez da aldaketarik izango bankuak esku artean dituen beste ezohiko neurrien inguruan ere. Alde batetik, arazoak dituzten herrialdeen zor publikoa erosteko programak indarrean segitzen du, baina Mario Draghi EBZko presidenteak berretsi du ez dela «betiko». Aste batzuk daramatza bankuak Espainia, Italia, Portugal eta beste herrialde batzuen zorra erosi gabe, eta merkatuen presioa nabarmen handitzen ez bada, ez du aldatuko norabidea.
Bestalde, Mario Draghik ez du ikusten bankuak berriz finantzatzeko neurri gehiagoren beharrik, oraingoz behintzat. Abenduan eta otsailean hiru urterako maileguak eman zituen EBZk, %1eko interesarekin. Guztira, bilioi bat euro izan ziren. Enkanteen emaitzarekin pozik dago Draghi —«kredituaren uzkurtzea eragotzi genuen»—, etaadierazi du arinegi dela oraindik ere horren ondorioak ekonomia errealean zeintzuk izan diren jakiteko.
EBZko buruak esan du likidezia horri esker maileguen egoera lasaitu eta hobetu dela. Hori bai, argi utzi du erakundea ez dela mugigaitza. Ekaineko bileran enkanteek izandako emaitzak eta ondorioak aztertu eta erabakiren bat hartuko dutela iradoki du.
Urteko bigarren erdian ekonomiaren egoera hobetuko da, EBZren ustez. Bankuaren obsesio nagusiak, inflazioak, helburuen gainetik jarraituko du urte osoan, baina 2013. urtearen hasieran %2an edo azpitik jarriko dela espero dute.
Berritasunik ezean, neurritasunaren eta hazkundearen arteko harremanari buruzko galdera andanari egin behar izan zion aurre Draghik galderen txandan. «Uste dut berriro ere agendaren erdian jarri behar dugula hazkundea», esan du, eta susperraldia bultzatzea eta aldi berean defizita murriztea posible dela. «Ez dira gauza kontrajarriak. Hazkunde iraunkorra izateko oinarrien artean dago aurrekontu orekatuak izatea».
Murrizketen norabidea
Herrialde batzuei «grina biziagoa» exijitu die egiturazko erreformak martxan jarri eta kontuak orekatzeko. Zuzenean galdetu ziotenean, hala ere, Italiak eta Espainiak hartutako neurriak txalotu zituen. Argi utzi du kontu publikoak onbideratzeko EBZk babesten duen eredua zein den: «Gastu korrontetik murriztu beharko lukete gobernuek, eta ez zergak igo edo inbertsioak gutxitu».
Hazkundea bultzatzeko neurri batzuk ere aipatu ditu. EBko barne merkatua indartzea, lehia sustatzeko, eta enpresei laguntzeko programak. Lan merkatuan ere aldaketa sakonak eskatu ditu. «Malgutasuna, mugikortasuna eta berdintasuna areagotu behar dira», argudiatu du.
Guztiei eskatu, ezer ez eman
EBZko presidenteak uste du hazkundea eta defizit publikoaren murrizketa ez direla «kontrajarriak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu