Berangoko Kullaga Goikoa baserriko (Bizkaia) jabeek bertan bizitzen jarraitu ahal izango dute hamabost egun gehiagoz, gutxienez. Atzoko eman zuen epaileak baserria husteko agindua, baina presio sozialak eta Bizkaiko EHNE sindikatuko abokatuak azaldutako arrazoibideek epaia atzerarazi zuten. Baserriaren jabeek 25.900 euroko mailegua eskatu zioten mailegu emaile pribatu bati 2006an, hiru hilabeteren buruan itzultzeko. Baldintza bete ezin izan zutenez, desjabetze prozesua hasi zen urte horretako azaroan, eta atzoko jarri zuen epaileak baserria husteko agindua.
Aurreikuspenen arabera, 10:15ean hasi behar zuen prozesuak, eta ordurako 50 herritar inguruk baserrira iristeko bidea oztopatzen zuen. Ertzaintzaren patruila bat eta bi furgoneta 10:00 aldera iritsi ziren baserriaren ingurura, baina ezin izan zuten sarreraraino iritsi, errepidean aparkatuta zeuden autoek bidea trabatzen zietelako. Udaleko ordezkariak ere inguratu ziren, baina epaitegiko idazkariak izan ziren azkenak iristen, baserrira iristeko bide alternatibo batetik. Une horretan bertan hasi zen alde guztien arteko eztabaida. Bien bitartean, sarrailagilea ere iritsi zen baserri ingurura.
Teknikoki, ezin hustu
Jokin Txapartegi EHNEko abokatuak hiru argudio aurkeztu zizkien epaitegiko idazkariei, teknikoki baserria ezin dutela hustuazaltzeko. Hasteko, baserriko jabeetako bat gaixo dagoela jakinarazi zien. Gainera, txosten mediko baten arabera, pertsona horrek ezin du ohetik mugitu. Epaitegiko ordezkariek, orduan, pertsonaren leku aldatze bat eskatu zuten. «Baserriaren ataria blokeatuta egonda, ezinezkoa», Patxi Gaztelumendi EHNEko kidearen arabera.
Husteko agindua ematerako garaian, berriz, beste bi huts tekniko ere egin direla argitu zien EHNEko abokatuak. Etxebizitzaren jabeak ez izan arren, bikote horren seme-alabak ere baserrian bizi dira, eta eurei ez diete kaltetu gisa hustearen inguruko inongo jakinarazpenik bidali, Unzalu Salterain EHNEko kideak azaldu zuenez. Seme-alabez gain, baserrian ganadua ere badaukate: 25 behi eta 35 ahuntz. Desjabetzea burutzeko garaian, jabeek ez dute abereak ere atera behar direla jakinarazten duen agiririk jaso. Horretaz gain, «abeltzainak ere bertaratu beharko lirateke hustuketa egiteko garaian ganaduaren osasuna bermatzeko», Salterainen hitzetan.
Argudio horiek guztiak banan-banan egiaztatu zituzten alde guztiek, baserrira sartu-irtenak eginez. Azkenerako, 12:50ean eman zuten erabakiaren berri: hamabost eguneko atzerapena, berriz ere huste agindurako. Inguratutako herritarrek txalo zaparrada batekin hartu zuten erabakiaren berri. Behiak kortatik belardira ere eraman zituzten baserritarrek, hamabost egunez egunerokotasunera itzuliko direla adieraziz.
Balorazio gazi-gozoa
Hamabost eguneko atzerapena «garaipentzat» hartu dute EHNEko kideek, eta epe horretan dirua itzuliko dutela jakinarazi dute, interesak barne —%29 ordainketa atzeratu duten hilabete bakoitzeko—. «Iruzurgileari zor zaion dirua itzuliko diogu, mailegu bat bilatuko dugu, eta udalaren babesa jasotzea ere espero dugu», adierazi zuen Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEko kideak. Era berean, gai honen inguruko ikerketa bat abiarazteko eskaria egin zuen. «Diputazioari edo Eusko Jaurlaritzari eskaera egiten diogu, iker dezaten nola heldu den mailegu txiki bat hain neurriz kanpokoa den desjabetze batera», Ainhoa Iturbe EHNEko kidearen hitzetan.
Berangoko alkateak, Ana Isabel Landa Gaubekak, zuhurtziaz hitz egin zuen erabakiaren berri jakin bezain laster. «Badakigu atzerapen honek ez duela arazoa konpontzen, baina egun horiek egoera bideratzeko aprobetxatu behar dira». Epe honetan, zerbitzu juridikoek lan eskerga daukatela onartu zuen, eta egoera aldatu ahal izango dutenaren itxaropena duela.
Kukullaga Goikoa baserriaren jabeei elkartasuna adierazi zietenen artean Brasilgo Movimiento do Pequenos Agricultores elkarteko hainbat kide zeuden. Bizkaiko EHNEren bidez euskal nekazarien egoera ezagutzen ari dira, eta atzo ere horretarako egun ona izan zen. Brasilgo nekazarien kasuan ere desjabetze ugari gertatzen direla aipatu zuen Valter Israel da Silva zuzendaritza nazionaleko kideak, baina «desjabetze horiek era kolektiboan egiten dituztela, sekula banaka».
Hamabost eguneko arnasa Kukullagari
Eztabaida luzearen ondoren, Berangoko Kukullaga Goikoa baserria (Bizkaia) husteko erabakia bi astez atzeratu dute. Horretarako, ezinbestekoa izan da baserrian bildutako herritarren babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu