Hamar hilabeteko enplegu dosierra Esnelaten

179 langileri eragingo die, urte amaierako suteak eragindako kalteak konpondu bitartean

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Enpresaren bi hilabeteko itxiera izan behar zuena hamar hilabeteko enplegua erregulatzeko dosierra bihurtu da Esnelateko langile gehienentzat. Iazko abenduaren 29ko suteak kalte handiak eragin zituen Urnietako lantegian (Gipuzkoa), biltegiratze gunean eta argindar instalazioan batez ere. Egun horretan bertan jakinarazi zien enpresak langileei dosierra aurkeztuko zuela.

Geroztik, langileek eta enpresako arduradunek hitz egin dute dosierraz. Bost hilabete artekoa izan zitekeela esan zieten, baina azkenean hamarrekoa da, eta horrek langileak harritu ditu. Dena den, hamar hilabetekoa onartu arren, laburragoa izango dela uste du Aritz Leizaran enpresa batzordeko idazkariak. Ia langile guztiei eragingo die, 200 langileetatik 179ri.

Iparlat taldeko enpresa da Esnelat. Esnea kaxetan ontziratzeaz arduratzen da.

Konpentsaziorik ez

Langileak kexu dira, langabezia saria bakarrik jasoko dutelako, enpresaren diru osagarririk gabe. Ondorioz, beren soldatak baino dezente diru gutxiago jasoko dute. Langileek konpentsazioak ordaintzeko proposamena egin diote enpresari, baina enpresak ez du aintzat hartu. Ez dauka aintzat hartu beharrik, dosierra «ezinbesteko arrazoiengatik» aurkeztu duelako.

Era berean, langileek salatu dute Eusko Jaurlaritzako Lan ordezkariak ez duela haiekin hitz egin eta ez dela arduratu langileen egoeraz, langileek bilera bat egiteko eskatu dioten arren.

Langileek kontzentrazioak egingo dituzte asteazkenero 11:00etan enpresaren aurrean, konpentsaziorik ez dutela jasotzen salatzeko eta enpresa ahalik eta azkarren zabal dadila eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.