Hamar kasuren artean hiru milioi euroren zerga iruzurra atzeman dute Gipuzkoan

Gipuzkoako Ogasunak epaitegietara igorritako espediente kopurua bikoiztu egin da iazko lehen seihilekotik

Xabier Olano, Gipuzkoako Ogasuneko burua, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
«Zero tolerantzia» printzipioarekin jarraitzeko asmoari datuak mahai gainean dituela erantzun dio oraingoan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urteko lehen seihilekoan bikoiztu egin da Gipuzkoako Ogasunak zerga delituaren zantzuak atzemateagatik epaitegietara igorritako espedienteen kopurua. Kopurua bost kasutik hamar kasura igo da. Hala jakinarazi zuen Xabier Olano Gipuzkoako Ogasuneko foru zuzendariak atzo, urtebeteko balantzea egiteko agerraldian.

Hamar kasu horien artean hiru milioi euroren iruzurra egon daiteke, batez beste 300.000 euro bakoitzeko —delitu fiskala izateko, gutxienez 120.000 eurokoa izan behar du iruzurrak—. «Biziki deigarria» da, Olanorentzat, kasu horien artean zuzenbidearen esparruko zenbait profesional egotea.

Zerga iruzurraren aurkako metodorik «eraginkorrenak» borondatezko aitorpenak egiteko kanpainak izan dira: errentarenak, ondarearenak, BEZarenak... Olanoren arabera, «emaitza hobeak» bermatzen dituzte, eta horren erakusle dira atzo aurkeztutako datuak. Errentaren kanpainan borondatez aurkeztutako 393.405 aitorpen jaso dituzte. Gainera, Ogasun Departamentuak egindako proposamenen %87,5 onartu dituzte herritarrek, eta aurreikusi baino 11,1 milioi euro gehiago bildu dituzte.

Ondare zerga, «funtsezkoa»

Lortutako emaitzak «bikainak» dira, Olanoren ustetan, ondare zergaren diru bilketan izandakoak barne. Borondatezko 5.799 aitorpen aurkeztu dira, eta guztira 35,5 milioi euro jaso dituzte, uste baino 6,5 milioi euro gehiago. «Ondare zerga funtsezkoa da ogasunen diru bilketak orekatzeko». Hain justu, Gipuzkoako Aldundiak aurten berreskuratu du zerga hori, eta horren bitar- tez bildu den kopuruari esker beste zerga bilketa batzuetan jasotakoak orekatu ditu. Jarduera profesionalei dagokienez, Olanok gogorarazi du xeheki aztertzen ari direla zenbait profesionalek aurkeztutako zerga aitorpenak.

Zerga iruzurraren aurka egindako ahaleginean Irungo Ogasunaren auzian aldundiak egindako lana azpimarratu du Olanok. Auzi horretan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien jarrera «irmo eta zorrotza» erabakigarritzat jo du herritarren interesak babesteko —Jose Maria Bravo zuzendari ohiari 11 urteko zigorra ezarri zion epaileak—.

Behin betiko datuak izan gabe ere, 2012rako aurreikusitakoak betetzen ari direla aurreratu du. «Zerga iruzurraren aurkako borrokak lehentasun osoa du foru ogasunarentzat». Horretan, «lagungarria» izango zaie arrisku bereziko zergadunen errolda; foru araua «laster» tramitatuko dute Batzar Nagusietan. Errolda horretan iruzurren edo irregulartasunen bat egin eta atzeman dituztenak sartu ahalko dituz- te, bai banakoak, baita enpresak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.