Bosgarren bileran ere, aurrerapausorik ez. Adegik nahiz sindikatuek ez dute euren proposamenetan atzera egiterik nahi izan, eta hamar minutuan amaitu da Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenari buruzko bilera. Otsailaren 22an bilduko dira berriro, Precoren egoitzan. Bitartean, sindikatuekin banan-banan elkartuko da patronala.
«Sindikatu adina plataforma daude, eta guztiek gauza komun bakarra dute: higiezinak dira, eta oso urrun daude egungo egoera ekonomikoaren pertzepzio sozialetik», esan du Adegik. Gipuzkoako metaleko lan ituna «onena» dela gaineratu du, eta soldatak izoztu eta lan kostuak murriztu arren, hala jarraituko duela. Enpresaburuak sekulako esfortzua egiten ari direla azaldu du. «Kooperatibak nahiz administrazio publikoak soldatak jaisten eta lanorduak gehitzen ari dira. Sindikatuek, ordea, ez diote baliorik eman nahi gure ahaleginari».
Sindikatuekin banaka elkartuta, negoziazioak desblokeatzeko ahal duen guztia egingo duela adierazi du patronalak. «Sindikatuek orain arteko jarrera maximalistari eusten badiote, beste lan hitzarmenekin gertatu dena gerta daiteke metalean ere: sindikatuen setakeria eta intrantsigentziagatik, galtzea».
Haserre Adegiren eskaerekin
Sindikatuek, berriz, Adegiri leporatu diote negoziatzeko borondaterik ez izatea. «Lan erreformaeta Espainiako metaleko lehen lan hitzarmena sinatu arte zain dago», esan du ELAk. Haren arabera, tentsioa handitzen ari da, eta enpresaburuek jarrera aldatu ezean horrek «gatazka handiak» eragingo ditu. Patronalaren eskaeretako bat da negoziazioek iraun bitartean langileek mobilizaziorik ez egitea. Proposamen hori kentzeko eskatu diote sindikatu guztiek. Banakako bileran«erantzukizunez» jokatuko duela dio LABek. «Adegik ere gauza bera egitea espero dugu».
CCOOk gaineratu du Adegiren eta sindikatuen arteko bileretan ezin dela akordiorik lortu «langileen bizkar», batzar horiek ez direlako negoziazio kolektiboaren pareko. UGTrentzat, bosgarren batzarra «etsigarria» izan da, «onargarriak ez diren neurri atzerakoiak proposatu dituelako».
Hamar minutuan amaitu da metaleko bilera Gipuzkoan
Otsailaren 22rako jarri dute hurrengo hitzordua; bitartean, sindikatuekin banaka elkartuko da Adegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu