NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Hamarretik bederatzi lan hitzarmen, eguneratu gabe

Negoziazio kolektiboaren etenaldiaz ohartarazi du KES erakundeak: lan hitzarmenen %12 besterik ez zituzten berritu iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

ELA eta LABen protesta, Gipuzkoako metalgintzan itun kolektiboa eskatzeko. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2016ko uztailaren 12a
12:59
Entzun

Negoziazio kolektiboak geldirik jarraitzen du. Hala islatzen du KES Euskadiko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak plazaratutako azken txostenak. Erakundearen arabera, gaur-gaurkoz indarrean dauden lan hitzarmenen %12 baino ez zituzten berritu iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, urtea itunen %57 luzatuta eta %20 iraungita hasi arren. Horren ondorioz, soldatak eta lan kostuak jaitsi egin direla ohartarazi du. Langabezia tasak ere beheranzko bideari eutsi dio, baina lanpostuen kalitatea ez da behar bestekoa izaten ari, KESen aburuz: "Iraupen luzeko langabeen egoera kronifikatzen ari da".

Arlo sozialari begiratu dio KESek, eta berebiziko kezka agertu du biztanleriaren zahartzeagatik: EAEk du Europako jaiotza tasa baxuenetakoa. Pobreziaren arriskuak, halaber, %15,3raino behera egin duela ondorioztatu du erakundeak, baina krisiak areagotu dituen gizarte desorekak oraindik ez direla gainditu. 2016ko joera ekonomikoa, ordea, ona dela nabarmendu du.

Ildo berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa aurten %2,7 eta 2017an %2,3 haztea espero du Bilboko Merkataritza Ganberak, industriaren susperraldiak eraginda batik bat. KESen hitzetan, berriz, ekoizpenaren eta enpleguaren hazkundea bere horretan mantenduko dira 2016an, merkatuaren "argi-ilunak" bultzatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.