Gero eta ohikoagoa da erosketak supermerkatu handietan egitea. Erosoagoa eta azkarragoa omen da: saltoki ondoan autoa utzi, erosketa orga bete, erositakoa autoan sartu, eta etxera. Horren jakitun daude supermerkatu kate handiak. Eta gero eta saltoki gehiago eraikitzen dituzte herrietako sarreretan eta errepide bazterretan. Bizkaian, Abadiñoko Murueta auzotik iritsi da azken berria. Inguru horretan Lidl eta Mercadona supermerkatuak jartzeko prozesua abiatu berri du udalak, eta eztabaida piztu du horrek herritarren eta alderdi politikoen artean. Merkataritza eredua dago eztabaidaren oinarrian; saltoki txiki eta handien etengabeko lehia, alegia.
Joan-etorri asko duen ingurua da Abadiñoko Murueta auzoa. Durangaldean dauden herriak lotzen ditu bidegurutzeak, eta oso gertu ditu Bilbo eta Donostia arteko autobiderako bi sarrera eta bi irteera. Herritar askoren igarobidea da, eta banaketa sare handietako markek interesa erakutsi dute toki horretan beraien dendak jartzeko. Eroskik denda handi bat dauka han, baita Forum Sport markak ere. Merkataritza gunearen ondoan, Burger King jatetxe bat jarri zuten 2014an, eta, berrehun metro inguruko distantzian, McDonald’s bat ere ireki zuten urte berean. Jatetxeaz gain, McAuto zerbitzua ematen du enpresak, erabiltzaileari autotik jaitsi gabe kontsumitzeko aukera ematen diona. Gero eta kate marka gehiago biltzen ditu Murueta eremuak, eta zerrenda horri marka berriak gehitu nahi zaizkio orain: Mercadona, Valentziako katea, eta Lidl, Alemaniakoa.
Hiria Antolatzeko Plan Orokorra osatzen ari dira Abadiñon. Baina Murueta auzoko 31.973 metro koadroko lurzorua birkalifikatzeko prozesua azkartu egin dute udalean azken hilabetean. Eraiki ezin den lurrak dira orain, eta merkataritza lurzoru bihurtuko dira udalak egin nahi dituen aldaketekin. Mercadona eta Lidl supermerkatuek lur horietan denda jartzeko “presa” dutela azaldu du alkateak, eta horregatik azkartu dutela Muruetako lurren birkalifikazio prozesua. “Plan orokorra bukatu orduko denbora asko pasa daiteke, eta marka biek lehenbailehen eraiki nahi dituzte dendak. Horregatik azkartu dugu lurren kalifikazioa aldatzeko prozesua”.
Argudio hori zalantzan jartzen duenik ere bada. Izan ere, Mugalari eskualdeko atari digitalaren arabera, Mercadonak ukatu egin du Abadiñoko alkatearekin supermerkatua irekitzeko kontakturik izan duenik. Kontrara, atariaren arabera, udalak berak egin die eskaintza supermerkatua herriko lurretan jartzeko.
“Onurak” herrian
Merkataritza guneek konpetentzia sortuko dute eskualdeko merkataritzan. Badaki hori alkateak. Baina adierazi du Abadiñon jarri ezean Durangon edo Iurretan jarriko dutela supermerkatua kate biek. “Eskualdea eta bertako komunikazioak interesatzen zaizkie supermerkatuei. Eta, hemen ez bada, Durangaldeko beste herri batean jarriko dituzte dendak. Herri batean edo bestean jarri, eragin bera izango du eskualdeko merkataritzan. Baina, Abadiñon egiten ez bada, merkataritza guneek ekarriko dituzten onurak ere ez ditu herriak jasoko”.
Lanekin udalak izango dituen diru sarrerez ari da Navarro. Hori da udalak merkataritza gunea egiteko duen interes nagusia, Mikel Urrutia Abadiñoko EH Bilduko ordezkariaren arabera. “Udalak egoera ekonomiko estua du, eta diru sarrerak behar ditu. Hein handi batean, horregatik atera nahi du proiektua aurrera. Egitasmoarekin diru sarrera ziur bat ikusten du udalak”. Baina sarrera ekonomikoak hasieran baino ez ditu izango, epe luzera merkataritza guneek ez baitiote udalari inolako diru ekarpenik egingo. Urrutia: “Gaurko asea, biharko gosea”.
Enpleguaren argudioa ere bere alde jarri du alkateak, egitasmoaren defentsarako. Laurogei langile beharko dituzte bi enpresek, eta herriko beharginak kontratatzeko eskaera egin du udalak. Tranpatia da enpleguaren arrazoia, ordea. Mercadona eta Lidl dendek lana sortuko badute ere, supermerkatuek merkataritza txikia higatu eta enplegua suntsitzeko arriskua baitago. Hala uste du Urrutiak. “Herriko komertzio txikiei eragingo die, eta ekoizleetan ere galga izango du. Batek ekartzen duena besteak kenduko du”. Sortuko diren postuen lan baldintzak ere ezbaian jarri ditu EH Bilduk. “Lanpostuak sortu bai, baina ez da esaten lanpostuok zein ezaugarri izango duten, eta ez da ziurtatzen herriko beharginak izango diren ala ez”.
Eskualdea “pobretzea”
Merkataritza guneen eskaintza beteta dago Durangaldean, eta ez dago supermerkatu gehiago egin beharrik, Urrutiaren arabera. Mercadona eta Lidl jartzeak eskualdeari kalte egingo diola uste du. “Tokiko ekonomian eragin zuzena izango du merkataritza guneak. Mercadona eta Lidl kanpoko enpresak dira. Hortaz, mozkinak ez dira eskualdean geratuko. Durangaldeko dirua kanpora joango da, eta eskualdearen pobretzea ekarriko du horrek luzera”. Supermerkatuetako lehengaiak ere ez dira Durangaldeko ekoizleenak izango, eta horiei ere kalte nabaria egingo diela uste du Urrutiak.
Eskualdeko komertzio txikiaren etorkizuna are gehiago zailduko dute supermerkatu kateek. Denda txikiek herrietan sortzen duten bizitza izan du mintzagai, eta kezkaz azaldu da azken urteko joerarekin. “Herriko hainbat ingurutan, gero eta komertzio gutxiago dago, eta, azkenean, herri bizitza galtzen da horietan. Lo hiriak bihur daitezke inguru asko”. Herriko saltoki txikiek herrietan sortzen dituzten harreman sareen garrantzia azpimarratu du. “Herriko dendetan sortzen den harreman sarea galdu egiten da merkataritza gune handietan”.
Alkatea jakitun dago supermerkatu kate handiek merkataritza txikia higatuko dutela. Garrantzia kendu dio horri, hala ere. Eta ostalaritzaren egoerarekin alderatu du merkatu txiki eta handien arteko lehia. “Herrian taberna berri bat irekitzen denean ere konpetentzia sortzen da ostalaritzan. Gaur egun, indartsuenak dira bizirik irauten dutenak. Zoritxarrez, baina hala da”.
Legearen arabera, parte hartze prozesua egin behar da herrian lursailen kalifikazioa aldatzeko. Eta parte hartze prozesu horren nondik norakoak onartu zituzten martxoko osoko bilkuran. Herritarrei egingo diren lanak azalduko dizkie udalak, eskuorri bidez. Eta egitasmoa azaltzeko hitzaldia ere egingo dutela azaldu du alkateak. “Herritarren iritzia aintzat hartuko dugu, bai. Baina herritarren iritzia ez dira 300 sinadura. Sinadurek ez dute horrenbeste adierazten”. Richar Hernandez herritarrak Abadiño eta Durangoko alkateei idatzitako gutunaz ari da Navarro. Murueta auzoko lanen aurkako idatzia utzi zuen Hernandezek martxoaren 27an change.org webgunean, eta dagoeneko 520 herritarren atxikimendua jaso du gutunak. Norbanako gisa egitasmoaren kontra azaltzen da Hernandez, eta udal ordezkariei eskatzen die egitasmoa bertan behera uzteko. “Uste nuen bestelako idealak zituen herri batean bizi nintzela […] Eskualdeko herritarren ongizatean baino gehiago, enpresen zergetan dute burua udalek”, dio gutunean.
Mentalitate aldaketa
Durangaldeko Dendakbai elkartea ere Muruetako egitasmoaren aurka azaldu da. Enpleguaren galera ekar dezakeela eta oraindik ere merkataritza guneek eragingo dituzten kalteen azterketa egin gabe dagoela azaldu du. Eskualdean saltoki txikien jarduna babesteko lanean jarraituko duela adierazi du elkarteak.
Dendakbai-ko kidea da Agurtzane Landajo. Folder paper denda du Durangoko herrigunean, 2006tik. Pozik azaldu da bere negozioaren egoerarekin, baina negozio txikien iraupena zaila dela dio. Edonola ere, merkataritza gune handiek ez duten eskaintza dutela uste du Landajok: gertuko harremana. “Gure dendara datorrenak hurbilekoa den harreman eta arreta batekin egiten du topo. Gertutasun hori asko eskertzen dute bezeroek, eta berezitasun hori dugu guk”.
Denda txikiek bizia ematen diete herriei, Landajoren arabera, eta, herritar guztiek merkataritza guneetara joateko ohitura hartuz gero, herrietako bizitza hori galduko litzatekeela uste du. Internet bidez egiten diren erosketetan ere jarri du arreta. “Egun, edozer eros daiteke Internet bidez. Eta horrek denda guztien bukaera ekar lezake, handi zein txiki”.
Kezkaz eta penaz begiratzen dio egoerari Landajok. “Herritar guztiek merkataritza gune handietara jotzen badugu, eta gauzak Internet bidez erosten baldin baditugu, gauza bakarra lortuko dugu: lo hiriak eraikitzea”. Eta horregatik dio pentsamolde aldaketa dela gakoa. “Internetez erostea edo merkataritza gune handietara joatea ondo egon daiteke. Baina buruan sartu behar dugu gure aurka datorrela hori, herrien kontra egiten ari garela. Saltoki txikien atzean familiak daude, langileak, ahalegina… hori guztia barneratzea beharrezkoa da”.