Behi haragia zuzenean saltzen duten ekoizleei eta Idoki elkartean biltzen diren gainerakoei ez zaizkie gustatu harakin batzuek egindako kritikak. Mahai baten inguruan biltzea proposatu diete harakinei. Behi gizenen azoka izan zen Baionan, herenegun, harakin-hiltzaileek antolaturik. Bi pankarta ezarri zituzten: bata «hilketa klandestinoen» eta «haragi saltze salbaien» aurkakoa; besteak zioen ez zela onartu behar «diru publikoa erabiltzea Donibane Garaziko eta Mauleko abere hiltegiei emateko», haiek diru hori «salmenta pribatuen mesedetan» erabiltzen dutelakoan. Salmenta zuzena egiten duten laborariek hiltegi horietan hiltzen dituzte beren abereak.
Hilketak ez direla klandestinoak erantzun diete Idokiko ekoizleek. Hiltegi horiek baimen guztiak badituztela zehaztu dute. Horrez gain, salmenta zuzena egiten duten laborariei esker enpleguak sortu direla argitu dute. Mauleko hiltegian langile berriak hartu dituzte, eta orain 30 dira.
Harakinen ustez, haragia kontsumitzaileei zuzenean saltzen dieten ekoizleek «lehia desleiala» egiten diete harakinei. Salmenta zuzenean erosten dutenek ezin dute harategi batean bezala erosi, ordea. «Harategian xerra bat eros dezakezu; gurekin, gutxienez bost kilo haragi erosi behar dira; eta pakete horretan pixka bat denetarik ezartzen dugu. Harakinak saltzeko errazenak diren haragi zatiak erosten ditu». Jean-Michel Berho Idoki elkarteko arduradunak argitu du harakinak bezeroak galtzen ari baldin badira ez dela salmenta zuzena egiten duten ekoizleen falta. «Haragiaren zati handiena supermerkatuetan saldua da». Horren ordez, harakinak laborarien kontra oldartzea ez dute ulertzen Idokiko kideek. «Ahulenari oldartzen zaizkio».
Harakinek beren sektoreari ere begiratu behar diotela dio Berhok. «Harakinen zati handi batek zirkuitu luzeak erabiltzen ditu, eta hornitzaile handienei hartzen diete haragia. Baina badira zuzenean ekoizleekin lan egiten duten harakinak ere, eta haiek ez dute merkatu arazorik».
Ohiturak aldatzen
Kontsumitzaileen ohiturak aldatzen ari direla dio Idokik. «Hori da funtsezko auzia. Kontsumitzaileak jakin nahi du kontsumitzen duen janaria nondik datorren eta nola ekoitzia izan den». Berhoren iritziz, horrek eragiten du zuzeneko salmentaren arrakasta. Beste tokietan ez bezala, Ipar Euskal Herrian ekoizleak antolatuak direla -Idoki elkartean, adibidez- eta, beraz, zuzeneko salmentak eragin handiagoa duela azaldu du.
Harakinekin mahai inguruan biltzea proposatu du Idoki baserri ekoizleen elkarteak
Ipar Euskal Herriko harakin batzuk kexatu dira laborari batzuek behi haragia zuzenean saltzen dutelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu