EHUNGINTZA

Hari luze bat eteteko arrisku gorrian

Ehungintza merkatuaren globalizazioak kinka larrian jarri du XIX. mendean hasitako jarduera

MAULE
2005eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Kautxugintzaren (GEMA) eta espartingintzaren (Etxandi) ostetik, Zuberoako industria tradizionaletatik hirugarren alor bat da kolokan jarria, ehungintzan diharduen Mauleko Les Tissages du Saison enpresa kinka larrian baitago gaur egun. Zorrak kitatzerat behartuta izan ondoren, Paueko Merkataritza Auzitegiak sei hilabeteko epea eman dio enpresako zuzendaritzari finantza egoera berrorekatzeko, jarduera suspertzeko eta orain geratzen diren 34 lanpostuak salbatzeko.

1953. urtean, François Begueriek sortutako Les Tissages du Saison enpresaren lehendabiziko jarduera izan zen zapatagintzarentzako oihalkiak fabrikatzea. 1990. hamarkadan, baina, lan kostu apaletako herrialdeetatik zetozen produktuekin lehia egiteari aurre egiteko gisan, polarioa bezala ezagutua den ile artifizialaren fabrikatzeari ekin zion enpresak, Terkasaën markapean. Sportswear jantziak saltzen dituzten bezeroak ile polarrez hornitzeaz gain, enpresak salmenta zuzeneko denda bat ireki zuen Maulen. Alabaina, ehungintza atal honek ere pairatu ditu aurki deslokalizazioaren ondorioak, sportswear jantzi egileei askoz ere merkeago ateratzen baitzaie lana eginaraztea lan kostu apaletako herrialdeetan. Gainerat, Les Tissages du Saisonek Frantziako Armadari berokiak hornitzeko lortutako kontratua ere handizki murriztu da.

Aurrea hartu ezineko lehia

Azkeneko kolpe gogorra ehungintzako merkatuaren erabateko liberalizazioa izan da. 2005eko urtarrilaren 1etik, inportazio kopuru mugatuak bertan behera utzi direnetik, Txinan fabrikatutako jantzi merkeen oldeak itotzen ditu Europako Batasuneko merkatuak. Frantziako Estatuan eta EBn oro har fabrikatutako ile artifizialezko produktuak ere kaltetu ditu ehungintza jardueraren eta merkatuen globalizazio honek.

Les Tissages du Saison zorrak kitatzerat behartuta zegoela adierazi zuen egunean, hauxe azaldu zuen Oliver Beguerie enpresako zuzendari teknikoak: «nahikoa da jakitea Txinan fabrikatutako polarrezko txaketa bat 7 euroan iristen dela Marseillako portura, eta aldiz guk baliatzen dugun kalite oneko ile polario metro bakar bat 6 euro kostatzen zaigula». Gauzak horrela, lehiakortasunaren lege guztiak apurtuta daudela iritzi dio Mauleko enpresako kudeatzaileak.Les Tissages du Saisonek ez du oraingoz bere azken txanpa emana. Alabaina ukaezina daoso kinka larrian dagoela, XIX. mendearen amaieran erroak sustraituta dauzkan enpresa bat. Azken batean esan daiteke dendari familia bateko oinordekoa zen Louis Beguerie mauletarrak ziola bultzada eman Zuberoako industriagintza tradizionalari. Begeurietarrak ez ziren, haatik, fabrikatzaileak izan hasiera batean. Lehengaiak erosteaz, Zuberoako ehunka eskulangileei espartinak eta oihalezko zapatak etxean eginarazteaz eta egindako produktuak saltzeaz arduratu zen lehenengoz Louis Beguerie enpresaren sortzailea. Azkenik, 1950eko hamarkadatik aurrera ziren industria mailara igaroko kautxugintza, espartingintza eta oihalgintza jarduerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.