CEGASA

Hartzekodunen konkurtsora joko du gaur Cegasak

Bostehun langilerengan izango du eragina, Gasteiz eta Oñatiko lantegietan. Orain hilabete, konkurtso legearen aurrekora jo zuen konpainiak hartzekodunei zorra bueltatzeko modu bat bilatu bitartean. Soluzioei begira "negoziazio aurreratuak" zituela esan zuen, baina konkurtsoan aurrera egiteko erabakia iritsi da, eta likidazioaren mamua hurbildu.

Cegasa taldeak Gasteizen duen lantegietako bat. R. BOGAJO, ARP
xabier martin
2014ko martxoaren 11
14:43
Entzun

Fagor Etxetresnekin gertatu bezala, inoizko krisi sakonenak aurrean eraman dezake euskal industriaren beste konpainia historiko bat. Cegasak konkurtso legearen aurrekora jo zuen duela hilabete pasatxo, enpresa berregituratzeko eta hartzekodunei zorra bueltatzeko modu bat bilatu bitartean. Konponbiderik aurkitu ez, ordea, eta konkurtso legera joko du gaur enpresak. Cegasarentzat bankuen iturria itxi dela ematen du, eta likidazioaren mamua hurbiltzen hasi da, ondorio zehatzak ateratzeko goizegi den arren.

Euskal Herrian, hiru lantegi —bi Gasteizen eta bat Oñatin (Gipuzkoa)— eta bostehun langile baino gehiago ditu gaur egun Cegasa taldeak. Orain hilabete konkurtso aurrera jotzeko erabakia hartzean, zuzendaritzak bilerak egin zituen langile batzordearekin, eta haietan ez zieten jakinarazi sindikatuei bestelako neurririk: kaleratzeak, esaterako. Ikusteko dago, konkurtso aurrekoaren legezko epea agortu, eta hartzekodunei zorrak bueltatzea helburu duen epe berrian hala izango den, edo neurri traumatikoak prestatzen ari diren dagoeneko.

Taldeak dituen negozioei «banan-banako irtenbidea» emango dien prozesua martxan jartzeko borondatearen berri eman zuen zuzendaritzak otsailean. Energia, logistika eta etxetresna txikien alorrean ari da lanean Cegasa, eta orain jarduera horiek «bazkide berrien eskutik» garatzeko asmoa du. Konkurtso legearen barruan izan beharko du dagoeneko. Negoziazio «aurreratuak» dituela ere esan zuen, eta datozen hilabeteotan bururaino eramatea espero zuela. Helburu horiek guztiak betetzeko gai diren erakusteko, hilabete batzuetako epea zabaldu da gaur, ordea, duela aste batzuk jarritako bide orria hautsita.

Edonola ere, 2014. urteak Cegasaren geroa finkatuko duela ez dago jada zalantzarik. Alegia, negozioaren iraupena bazkide berriak lortzeko aukerari lotu zion ezinbestean Cegasak orain hilabete, eta hori ez da aldatu. «Horrela lortuko litzateke jarduerari eustea, hornitzaile guztiei ordaintzea eta, azkenik, finantza erakundeekin dauden konpromisoak betetzea», zioen konpainiak igorritako oharrak. Zuzendaritzaren planak aldatu ote diren da galdera orain, konkurtsoan aurrera egiteko erabakia ikusita. 

Laurogei urteko ibilbidea

Krisiak eragindako kontsumoaren jaitsierak gogor jo duela aitortu du enpresak. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek ordezkaritza dute Cegasako batzordean. Oraingoz, ez dute eman iritzi ofizialik, informazio gehiagoren esperoan. Enpresak gaur egin duen urratsaren karietara ofizialki zerbait esango dutela pentsatzea ere ez da erokeria. Sindikatuetako iturriek orain hilabete azaldu zuten bazutela enpresak azkenaldian izandako arazoen berri. Errentagarriak diren eta galerak dituzten negozioak zatikatzeko asmoa ere aurreratu zien Cegasak.

Cegasa Industrial, Cegasa International eta Cegasa Multidistribucion lantegietan banatzen da enpresa Euskal Herrian. Guztira, Cegasa taldeak bederatziehun langile inguru ditu. Joan den urtean, 124 milioi euroko fakturazioa izan zuen.

Azken sei urteak bereziki latzak izan dira Cegasarentzat. Enpresa historikoa da; 1934. urtean sortu zen, Oñatin. Hasierako negozioa kontsumorako pilak izan ziren, Tximist marka ezagunarekin. 30 urte geroago, 1964. urtean, egoitza nagusia eta jardueraren parte handi bat Gasteizera lekualdatu zen. Hala izan da gaur egun arte, nahiz eta Oñatin lantegi bati eutsi.

2008. urtean, lan gatazka luze bat izan zuten Gasteizko langileek. Negozio ezagunena, pilak, Euskal Herrian egiteari uzteko erabakia hartu zuen Cegasak, errentagarritasun falta argudiatuta. Urte horretan pilak ekoizteko jarduerak 22 milioi euroko galera eragin ziola argudiatu zuen enpresak, eta 240 lagunentzako erregulazio eskaera bat aurkeztu zuen enpresak. Lehen saioan atzera bota zion Eusko Jaurlaritzak, baina bigarrena onartu zion. Berrehun langile inguruk lantegia utzi zuten, erretiro aurreratuen eta diruz lagundutako lanuzteen truke. Bi urte geroago, 2011. urtean, beste 21 behargin kaleratu zituen enpresak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.