Joel Fournerat Cap Sud OPko arduradunarentzat argi da. Lapurdiko arrantzaleak «egoera larrian» daude. Itsasontzi kopuruen tipitzea lekuko. Hiru arazo nagusi ikusten ditu gaur egunFourneratek. Lehenik ez dela arrainik. Ondotik, arrainaren prezioa arras behera dela. Eta azkenik, gasolio ezin garestiago delako, laguntzarik kasik ez dutelarik horren pairatzeko. Oro har, arrantzaleen sentimendu orokorra, «etsipena» dela dio. «Haserrea gainditua dute, orain sektoreak ez du gehiago erreakzionatzen».
Halere, indar zerbait gelditzen zaie. Izan ere, joan den martxo bukaeran beren ahotsa entzunarazi zuten lapurtarrek Arcachongo Ituna hautsiko zutela mehatxatuz, beren berdel kuota errespetatua ez bazen. Aurtengo hasteko mehatxu soil bat gelditu dena. Frantziako Itsas Idazkaritzak bere horretan utzi du Bizkaiko Golkoko arrain harrapaketaren banaketa. Arkachongo Ituna abian jarri eta pelagikoek galdu antxoak udaberrian harrapatzeko eskubidea estaltzeko-edo, berdel kuota bat utzi zieten lapurtarrei Frantziako Gobernuak 1995ean. Aurten, adibidez, 1.469 tonakoa zen kuota hori. Baina azkenaldian hara. Frantzia iparraldeko arrantzaleek kuota hori lapurtarrei uztea gaitzesten dute. Fourneratentzat ez da pozterik. Heldu den urteko dena egitekoa gelditzen baita. Bereziki ikusiz presioa gero eta indartsuagoa eragiten dutela Normandiako Fecamp portuari lotu France Pelagique armadorearen hiru itsasontziek. 80 eta 100 metroren artekoak, itsasontzi izozkailuak deitzen diren horietakoak. «Salatzen dute ez dela normal haiek ordaintzea Arca-chongo Itunaren saria». Baina lapurtarrek ez dute deus deus eskapatzera utzi nahi, «ez gaitezen 1992an bezala biktimak izan». Heldu den asteetan argituko dira aferak, negoziaketak hasiko baitira. Normandiarrak joatekoak dira Lapurdira, hain justu. «Ikusiko». Bizkitartean, «Michele Alliot-Marie Frantziako Defentsa ministroa eta Donibane Lohizuneko hautetsiak Arrantzaren ministroari idatzi ziotela erran digu. Dena den, gure baitan baizik ez gara fidatzen». Alabaina, Parisen eta Madrilen artean dela dena adosten konstatatzen du. «Eta hori Euskal Herri osoaren kalterako». Nahiz eta halere bizkaitar eta gipuzkoar arrantzaleak inbidiaz begiratzen dituzten. «Gu baino anitzez lagunduagoak baititu autonomiari esker. Guk Paris urrunegi dugu». Gainera, «Espainiak malgutasun gehiagorekin zaintzen ditu kuotak». Frantziak aldiz, «hurbiletik kontrolatzen ditu. Eta ongi dakit hori. Nire egin beharretako bat baita horren segitzea. Gaztigatuko gaituztela etengabe mehatsatzen gaituzte Parisen». «Sakrifikatuak». Hitz hori ardura heldu zaio ahora Fournerati. «Espainiaren eta Irlandaren onerako».
Pelagikorik gabe ere,antxoa gutxi dago
Azken finean, Arcachongo Ituna ez dela beharbada behar zen bezala egin pentsatzen du Fourneratek. Euskaldunen arteko itun bat adostea hobe izanen zela deritzo. Zinez arrain iturri arazo bat izan balitz, ez zituztela hainbeste arrain tona utziko Frantziari uste du. Harentzat, merkatua nahi izan zuten salbatu. «Baina azkenean dirudienez haiek ere ez daude pozik, ez dira irabazle atera».
Pelagikoak zirela arazoa? «Gaur egun pelagikoek ez dute gehiago antxoarik harrapatzen, eta ez da horregatik antxoa gehiago. Gainera, zientifikoek onartzen dute antxoaren hiltzearen %15 baizik ez dela arrantzari lotua. Beste zifra bat emateko, 2000. urtekoa aipatuko nuke. Azken 30 urte hauetan gertatu den antxoa harrapaketa hoberena izan zen urte hartan».
ARRANTZA
Haserre ez, etsita
Lapurdiko arrantzaleek morala ez dute azkar; 1995. urtetik duten berdel kuota galtzekotan izan dira; «sakrifikatuta» sentitzen dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu