Mundu guztiko haserretuek bat egin dute sistema politikoan eta ekonomikoan aldaketa sakonak eskatzeko eta bultzatzeko. Politikariei eta finantza sistemako arduradunei aurre egin eta «benetako demokrazia» exijitzeko. Haserre globala erakutsi dute, eta aldaketa globala eskatu dute.
Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Amsterdam, Atenas, Bartzelona, Berlin, Boston, Brusela, Buenos Aires, Chicago, Dublin, Erroma, Frankfurt, Geneva, Haga, Helsinki, Hong Kong, Jakarta, Lisboa, Londres, Los Angeles, Madril, Manila, Mexiko Hiria, New York, Paris, Rio de Janeiro, Santiago, Seul, Sydney, Tegucigalpa, Tel Aviv, Tokio, Toronto, Varsovia, Washington, Wellington... Ia mila protesta ekintza, 80 herrialde ingurutan.
Bilbon haserretuek berriz ere Arriagako plaza hartu zuten, baina oraingoan txiki geratu zitzaien ingurua. Milaka pertsonak parte hartu zuten Ahal dugu. Nahi dugu. Egin dezagun. Denok aldaketa globalaren alde lelopean egin zen manifestazio koloretsuan. Zahar, gazte, haur eta elkarte askok bat egin zuten. Deitzaileak pozik zeuden. Hala ere, balorazio hori aurretik ere positiboa zen: «Auzoz auzo eta herrietan batzar ugari egin baititugu mugimendua ahalik eta indartsuena izateko», zioen Josean Elgezabalek. Aurrerantzean ildo horretan lanean jarraitzeko konpromisoa dute.
Mobilizazioen deialdia berdina zen mundu osorako, eta aldarrikapenak ere bai. Merkatuen boterea eta banketxeen jokabidea salatu zituzten Bilbon ere, baina Arriagako plazan irakurri zen mezuan arazo lokalak ere ekarri zituzten gogora. Soldatetan eta gizarte eskubideetan Eusko Jaurlaritzak egin dituen murrizketak eta Bilboko Udalak Kukutza husteko garaian izandako jokabidea, besteak beste. Horren guztiaren inguruan, neurri zehatzak proposatu zituzten haserretuek, «irakaskuntza, osasun eta banketxe publikoaren alde».
Baionan ehun bat lagun bildu ziren herriko etxearen aitzinean. Iruñean hainbat taldetako ordezkariek manifestu bat aurkeztu zuten atzo, Nafarroako Gobernuaren murrizketen kontra. Murrizketen aurka altxatzeko eskatu diete herritarrei.
Protesta gehienetan ikusi ziren han bildutakoek herritarren %99 ordezkatzen dutela zioten afixak, gainerako %1en —finantza erakundeetako arduradunak, politikariak...— gehiegikeriei aurre egiteko. Ez ziren hainbeste pertsona bildu, baina zenbait hiritan jende ugarik parte hartu zuen.
Erromakoa izan zen protesta jendetsuenetakoa (200.000 lagun inguru), Silvio Berlusconi presidenteak bigarren konfiantza galdea gainditu eta hurrengo egunean. Istilu larrienak ere han izan ziren. Hiru auto, Poliziaren furgoi bat eta Defentsa Ministerioaren bulego batzuk erre zituzten. Manifestariak ustez istiluak eragin zituztenak kanporatzen saiatu ziren. Polizia oldartu egin zitzaien. 30 lagun inguru zauritu ziren, eta mutil gazte batek bi behatz galdu zituen.
Draghiren 'babesa'
Paradoxa bat gertatu zen Erromako mobilizazioan. Protesta egin zutenak Italiako Bankuaren eta Mario Draghi erakundeko presidentearen kontra daude. Hala ere, haserretuak «ulertzen» dituela esan zuen Draghik, atzo, G20koen Parisko bileran: «Gu krisiagatik haserre gaude; bada, pentsa haiek, gazteak. 20-30 urte dituzte, eta ez dute etorkizunik».
New Yorken espaloietan egin zuten manifestazioa, Wall Streeteko bankuen egoitza batetik bestera. Poliziek ez zieten utzi kalea hartzen eta errepidea ixten.
Londresen Paternoster plazara iritsi nahi zuten —burtsaren egoitza han dago—, baina poliziek ez zieten sartzen utzi. Ondorioz, manifestazioaren abiapuntura itzuli ziren, St. Pauleko katedralera. Julian Assange Wikileaks webgunearen arduradunak bozgorailua hartu eta zerga paradisuak salatu zituen. Poliziek debekatu egin zioten Anonymous-en maskara janztea.
Haserrea globala da
Milaka herritarrek sistema politikoaren eta ekonomikoaren aldaketa globala eskatu dute mundu guztiko hirietako kaleetanJaurlaritzak gizarte zerbitzuetan egin dituen murrizketak salatu dituzte Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu