Hazkunde aurreikuspen baikorrenak

Kalkulua eguneratu du Eusko Jaurlaritzak, eta uste du %2,3 handituko dela aurten ekonomia.Azken zazpi urteetako datu onena litzateke

Ivan Santamaria.
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ekonomiaren susperraldia indartzen ari dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Hori dela eta, aurtengo hazkunde aurreikuspenak hobetzea erabaki du Ekonomia eta Ogasun Sailak. Barne produktu gordina (BPG) EAEn %2,3 haziko dela espero du, eginda zeukan azken kalkuluan baino sei hamarren gehiago. Aspaldiko aurreikuspen baikorrena da.

Emaitza hori lortzeko, aurtengo hiruhileko guztietan hazkundeak %2 gainditu beharko luke, urte arteko tasan. Ekonomia erritmo horretan hazi zen azken aldia aurkitzeko zazpi urte egin behar da atzera, 2008. urteko lehen hiruhilekora, hain zuzen ere. Ondoren, bi atzeraldi igaro dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak, eta hamabost hiruhilabetez ekonomiak atzera egin zuen, handitu beharrean.

EAEko ekonomiaren hiruhilabetekaria izeneko aldizkari digitalaren azken zenbakia argitaratu zuen atzo Ekonomia eta Ogasun Sailak. Agiri horretan aurreikuspen berriak jasotzen ditu. Azken kalkulua joan den urteko urrian egin zen, eta aurten barne produktu gordina %1,7 handituko zela zioen. 2014. urtean %1,2 hazi zen EAEko ekonomia.

Urte berrirako kalkuluak eguneratu dituzte hainbat erakundek, bereziki petrolioaren prezio jaitsieraren ondorioak islatzeko. Jaurlaritzaren kasuan, hainbat arrazoi aipatzen ditu hobekuntza justifikatzeko.

Eskariaren ikuspuntutik, kontsumo pribatuak bultzatuko du ekonomia, batez ere. «Familien kontsumoak erritmo bizian egingo du gora», azpimarratu du Urkulluren gobernuak. Finantzaketarako baldintzak leuntzea eta errenta erabilgarria igotzea espero du, halaber.

Eskaintzaren alorrean, berriz, industriak eta zerbitzuek tiraka egingo dute hazkundetik. Inbertsioaren hobekuntza aipagarria izango dela ere azpimarratu du Ekonomia eta Ogasun Sailak. «Ekipamendua berritzeko beharra, enpresen balantze onbideratuak eta kreditua lortzeko erraztasun handiagoa daude gorakada horren oinarrian».

Iñigo Urkullu lehendakariak ere aipatu zuen aurreikuspenen hobetzea, ekitaldi batean: «Baikorra izango naiz; gaizki pasatu dugu, baina etorkizunari irribarre bat eskaini ahal diot gaur».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.