Otsailean egindako aurreikuspenak okertu egin ditu Europako Batzordeak. Orduan arriskuez inguratuta ikusi zuen euroguneko eta EB osoko ekonomia, baina aurretik egindako aurreikuspenak beteko zirela iragarri zuen. Hiru hilabete ondoren, arrisku horiek ondorioa izango dutela ziurtatu du Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza komisarioak. Ez gehiegi, ordea, hamarren bat baizik ez baititu jaitsi: %1,6ra eurogunean eta %1,8 EB osoan. Beste bezainbeste datorren urterako: %1,8 eurogunean eta %2 EBn.
Urte hasiera uste baino hobea izan du Eurpako ekonomiak. Eurogunea %0,6 hazi zen urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra, aurreko hiruhilekoaren halako bi. Horri esker, 2008ko mailara itzuli da azkenik BPGa. Edonola ere, urteak aurrera egin ahala hazkundea moteltzea espero du Bruselak.
Defizitaren iragarpenak ere egin ditu Bruselak. Behera ari da egiten EB osoan, eta aurten ere hala egitea espero du. Baina estatukide guztiak ez daude eskatutakoa betetzen. Espainiak, esaterako, ez du aurten defizita %3tik behera jaitsi ahal izango, ezta datorren urtean ere ez. Hiru atzerapenen ondoren, aurtengo abendurako maila horretatik behera jaisteko konpromisoa hartu zuen Madrilek, baina ez du hitza beteko. Iaz %5,16ra iritsi zen, iragarritako %4,2ren oso gainetik. Urtebetean ia bi puntu jaistea praktikoki ezinezkoa zelako, laugarren luzapen bat eskatu dio Bruselari Madrilgo jarduneko gobernuak. Ziur aski lortuko du, baina aurretik Bruselaren errieta jasoko du (maiatzaren 18an) eta agian baita isun bat ere.