Mezu baikorrak atlantikoaren bi aldeetan oihartzuna izan du. Besteak beste, Barack Obama AEBetako presidenteak edo Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko buruak defendatu duten tesia da: behea jo du atzeraldiak honezkero. Ikuspuntu global batetik, datuek iritzi hori indartzeko balio dute. Alta, horrek ez du esan nahi loraldia berehala hasiko denik, ez eta herrialde guztiek krisiaren atzaparretatik arin ihes egiteko aukera izango dutenik.
Eurostatek urteko bigarren hiruhilekoari dagozkion lehen emaitzak argitaratu zituen atzo. Europako Batasunean eta Eurogunean atzeraldia ez da amaitu, baina jaitsieraren abiadura moteldu da, batik-bat Alemaniaren eta Frantziaren bultzadari esker. Eurogunean ekonomiak soilik hamarren bat egin zuen atzera, eta hiru batasuneko 27 herrialdeetan. Urteko lehen hiruhilabetean, esaterako, BPGa %2,5 hondoratu zen Eurogunean, eta %2,4 batasunean.
Ekaitza atertzen ikusi duten herrialde bakarrak ez dira, dena den. Grezia, Portugal eta Eslovakian hazkunde tasa positiboak izan dituzte, eta Suedia ez aurrera ez atzera geratu da.
Beste ekonomia garrantzitsu batzuek ez dute oraingoz tunelaren amaierako argia ikusteko aukerarik izan, nahiz eta jaitsiera txikiagoa izan. Hala izan da Italian (- %0,5) eta Erresuma Batuan (- %0,8)
Txanponaren ifrentzua Baltikoan dago: hiruhileko batetik bestera %3,7 murriztu zen Estoniako BPGa, eta % 12,3 Lituaniakoa. 2008ko emaitzekin alderatuz gero, ordea, herrialde guztiek behera egiten dute, nabarmen. EB osoan, esaterako, %4,8.
Urtebeteko erorketaren ondotik, emaitzak ezustean harrapatu ditu Alemaniako eta Frantziako agintariak. Karl Theodor zu Guttenberg Alemaniako Finantza ministroak onartu zuten espero baino gehiago egin dutela aurrera, baina zuhur izateko eskatu zuen. «Ez dago euforiarako arrazoirik, bide luzea geratzen zaio ekonomiari iazko mailara itzultzeko».
Frantzian, berriz, esportazioen eta barne kontsumoaren igoerak egoerari buelta ematen lagundu dutela azaldu zuen Christine Lagarde Ekonomia ministroak.
Unean uneko datuak interpretatzerakoan tentuz jokatu behar dela agerian utzi du asteon Europako industria produkzioaren egoerak. Maiatzean gora egin ondoren berriro ere murriztu dela jakinarazi zuen Eurostatek asteartean. Eurogunean jaitsiera %0,6 izan da, eta EB-27n %0,2.
EBZ eta Fed, ados
Trichetek aurreratutako jarrerari eutsi dio Europako Banku Zentralak, abuztuan argitaratu duen aldizkarian. Agerkari horretan atzeraldiak hondoa jo duela defendatu du EBZk, eta Eurogunean atzeraldiaren erritmoa «nabarmen» moteldu dela uste du. Edonola ere, urtea amaitu bitartean jarduera ekonomiko ahula espero du, eta orain ere jarduera pizteko politikak sustatzea beharrezkoa dela ohartarazi du. Datorren urtean ekonomia suspertuko dela eta hazkunde tasa positiboak egongo direla iragarri du EBZk.
AEBetan ere krisiaren faserik gogorrena gainditu dela aldarrikatu du Erreserba Federalak (Fed). Asteon interes tasei %0 eta %0,25 bitartean eustea erabaki zuen Fedek, baina, aldi berean, ekonomia «egonkortzen» ari dela ziurtatu du. Maila politikoan irakurketa hori babestu du Obamaren gobernuak, ekainean langabezia tasa aspaldiko partez jaitsi eta gero.
Debaluazioaren mamuak indarra hartu du berriro Baltikoan
Europako Batasunean atzeraldi ekonomiko sakonena ari dira pairatzen Letonia, Estonia eta LituaniaI. S. Gasteiz
Ekonomia irekiak ziren, ausartak. Urte luzez Moskuren itzalpean egon ondotik, Europako Batasunak ekialdera egindako zabalpenaren izar eta eredu bihurtu ziren askorentzat. Alta, ezin izan zuten txanpon bakarraren babeslekua garaiz aurkitu - ezta bilatu ere -, Eslovenia eta Eslovakiaren antzera, eta orain arazoak tropelean datoz.
Letoniak, Lituaniak eta Estoniak atzeraldirik bortitzena izan dute urteko lehen seihilekoan. Baltiko itsasoaren parean dauden hiru errepublika txikientzat amesgaiztoa hasi baino ez da egin. Krisiaren okerrena pasatu dela dioten ahotsak ugaldu dira, baina oraindik bide luze, malkartsu eta arantzatsua geratuko zaie hiru herrialde horiei.
Hondamendi ekonomiko global baten arriskuak indarra galdu du, baina horrek ez du esan nahi enbatak herrialde eta eremu geografiko batzuk gogor astinduko ez dituenik. Islandian hasitakoak Hungarian izan zuen jarraipena, eta orain kontinente osoko begiak Baltikoan jarrita daude, batez ere Letonian.
Urteko bigarren hiruhilekoan %19,6 egin zuen atzera Letoniako ekonomiak. Dagoeneko NDFren eta EBren 7.500 milioi euroko erreskatea behar izan du herrialdeak. Dirua ziurtatzearen truke, hainbat baldintza ezarri zizkieten mailegu emaileek. Sektore publikoaren soldatak heren bat jaitsi dira, pentsioak ere murriztu dituzte. Alta, ez da nahikoa izan, eta aurrerantzean dirua jasotzeko aurrekontu orokorra %10 gehiago murriztea exijitu dio NDFk gobernuari. Aldi berean, langabeziak %17ko tasa gainditu du.
Ahalegin horrek ez ditu arazoak konpondu. Ekainean zor publikoa saltzeko eskaintzak porrot egin zuen, eta herrialdeko txanpona, Lat izenekoa, debaluatzeko zorian zegoela ondorioztatu zuten analista gehienek.
Euroa amets
Debaluazio batek ondorio asko izango lituzke. Noski, herrialdeak lehiakortasuna berreskuratuko luke, esportazioak handitu, eta, horri esker, enplegua sortzeko aukera izango luke. Alta, txanponaren alde bat baino ez da. Azken urteetan zor itzela pilatu dute Letoniako enpresa eta herritarrek. Laten trukea euroarekin lotuta dago, eta zor asko eurotan hitzartuta daude. Txanponaren debaluazioak zuzenean porrotera eramango lituzke milaka familia eta konpainia, ia egun batetik bestera.
Noski, debaluazioaren aukerak Eurogunean sartzeko aukera urrunduko luke, eta hori lortzea ia irtenbide bakarra bihurtu da herrialdeko gobernuarentzat. Maastrichtheko irizpideak betetzea zail izango dute, edonola ere, eta arazoak dituzten kide berriak hartzea ez dago Europako mandatarien lehentasunen artean. Estonia izan ezik (%4tik beherako defizita espero du aurten), Letoniak eta Lituaniak nekez lortuko dute defizit hori %3ra garaiz mugatzea.
Letoniako 2,2 milioi herritarrek sufrituko lukete debaluazioa, baina ondorioak ez lirateke hor geratuko. Baltikoko beste bi errepublikek - Lituaniak eta Estoniak - antzeko sistemak dituzte, eta, Letoniarekin lehiakortasuna galduz gero, esportazioak gehiago amiltzeko arriskua lukete.
Mendebaldeko herrialdeetara ere iritsiko litzateke lurrikararen efektua. Suediako banku handienek makina bat diru inbertitu eta maileguan eman dute herrialde baltikoetan. SEB bankuak, esaterako, 18,8 milioi euro galdu zituen apiriletik eta ekainera, baltikoetan zituen mailegu eta aktiboek izan duten balio galeraren ondotik.
Lituaniak, orain arte, laguntza eskatzeari uko egin dio. Haatik, azken asteotan indarra hartu du NDFren kutxatik sosak bilatzeko aukerak, batez ere urteko bigarren hiruhilekoan BPGk %22 atzera egin eta gero.
Ahalegin gehienak antzuak iruditzen zaizkio merkatuari. Astelehenean S&P agentziak kalifikazioa jaitsi zion Letonia eta Estoniako zor publikoari. Lituania ere zaintzapean du.
Tigre zeltak saminez egingo du orro 2014. urtea arte, gutxienez
Herrialde aurreratuen artean, Irlandako kasua da adierazgarriena. Ekonomia moderno eta lehiakor bat eratzeko gai izan da, eta Europako mendebaldean parekorik izan ez duten hazkunde mailak erdietsi ditu. Asiako beste adibide batzuk gogoan, «Tigre zelta» ezizenarekin bataiatu zuten. Alta, tigre horren orroak saminekoak izango dira aurrerantzean.Nazioarteko Diru Funtsak egindako azken azterketaren arabera, 2014. urtea arte errepublikak ez du hazkunderik izango, gutxienez. Erorketa %13,5ekoa izango da 2008tik 2010era arte, eta langabeziak %15eko tasa gaindituko du. Soldatak, aldi berean, %15 murriztea espero du NDFk.