Eurostatek iragarri du barne produktu gordina %0,6 handitu dela urteko bigarren hiruhilekoan EBn eta eurogunean, aurrekoarekin alderatuz gero. Lehen hiruhilekoa baino hamarren bat gehiago da, eta horri esker urte arteko tasak ere hobera egin du: %1,9tik %2,1era eurogunea osatzen duten hemeretzi estatuetan, eta %2,1etik %2,2ra EB osoko 28etan.
Datu aurreratua da gaurkoa, eta abuztuaren 16an berrikusiko du Eurostatek. Edonola ere, herrialde bakoitzeko estatistika erakundeek emandako datuek berresten dute hazkunde ekonomikoak erritmoa handitu duela. Urte arteko tasa %3,1etik %3,3ra igo da 2017ko bigarren hiruhilekoan Nafarroan, eta horren eskutik urte osorako iragarpena %3,1era igo du Iruñeko gobernuak. Eusko Jaurlaritzak ere %3 ingurura igoko du aurtengo iragarpena, bigarren hiruhilekoan %2,9ra iritsi dela baieztatu ondoren.
Frantzian igoera are ikusgarriagoa izan da, %1,1etik %1,6ra igo baita urte arteko hazkunde tasa. Espainian %3,1ean dago tasa hori.