Sindikatuak

"Hazkunde mugagabearen mitoa" arbuiatu du LABek, eta banaketa eskatu

Bere Programa Sozioekonomikoa berritzeko prozesua amaitu du sindikatu abertzaleak. Enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren aldeko borroka eskatu du, bai lantokiz lantoki, bai mobilizazio orokorren bidez

Igor Arroyo, gaur, Programa Sozioekonomikoa aurkezten. FOKU
xabier martin
2021eko irailaren 24a
12:37
Entzun

Bi manifestazio antolatu ditu LAB sindikatuak: irailaren 29an, Bilbon, eta urriaren 5ean, Iruñean. Enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borrokatzeko deialdia egin du, bai lantokietan, bai mobilizazio orokorren bidez.

Klima larrialdia eta oro har hondamendi ekologikoa langileongan ondorio kaltegarriak izaten ari dela ohartarazi du: “Miloika langileren bizi baldintzak okertzen ari da, eta migratzera bultzatzen ditu, prekaritatea eta lan esplotazioa errazten dituen egoera bat sortuz”. Europako funtsekin sustatzen ari den "kapitalismo berdearen aurkako jarrera" berretsi du LABek, eta, "sostengaezina den ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzearekin batera, zerbitzu eta ondasunak banatzeko bidezko trantsizio ekologikoa” aldarrikatu du.

Sindikatu abertzaleak uste du planetaren muga biofisikoak aintzat hartu behar direla eta jarduera ekonomikoa murriztu behar dela. Horrekin batera, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa parekidea egon behar dela. Bi prozesu horiek ez daude kontrajarriak, LABeko Idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyoren arabera: "Hauxe litzateke ideia: denok eta gutxiago lan egin, lehengaien ustiaketa eta zabor ekoizpen txikiena sortuz; beharrezkoa dena (erre)produzitu eta ekoiztutako guztia (bir)banatu”.

Trantsizio ekosozialista eta feminista

Kapitalaren etekinak erdigunean kokatzen dituen eredutik herritarren eta planetaren bizitza erdigunean jarriko dituen eredurako "trantsizio ekosozialista eta feminista" bat nahi du LABek. “Euskal herritarrok ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratu behar dugu. Euskal Herrian estatu egiturak behar ditugu ekoizpen eredua aldatzeko eta ekoiztutakoa birbanatzeko, hala nola Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza", esplikatu du Arroyok; langileek zuzenean hautatutako Lanaren Kontseilua ere aipatu du, eta lan mundua euskalduntzeko plangintza nazionala ere bai; "Euskal Herriko hiru instituzio nagusiak eta eragile sozioekonomikoak bilduko lituzkeen garapen sozioekonomikorako erakunde publiko nazional bat ere” sortu beharko litzateke, LABeko ordezkariaren ustez.

Hala, enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketa kontuan hartuko duen proposamen osoa aurkeztu du LABek: Banaketa Hirukoitza. “Administrazioak enplegu bat bermatu behar dio herritar orori, eta, egin ezean, gutxieneko soldataren baliokidea litzatekeen eta kotizatuko lukeen hileroko kalte ordain mugagabea ordaindu. Enpleguaren bidez, sozialki beharrezkoak diren ondasun (elikagaiak, azpiegiturak, tresneria) eta zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintza profesionalizatua, oinarrizko gaien hornikuntza) sortu behar ditugu”.

30 orduko lanaldia

LABeko bozeramaileak azaldu du, halaber, enplegu izaerarik gabeko zaintza lanek bizitza sostengatzen dutela, eta enpleguari eskainitako denbora murriztea proposatu duela sindikatuak, 30 orduko lanaldira. "Bi esparru hauek baliokide gisa ulertzen ditugu, bi esparru horietan arituz, langile guztiok gara ondasun sortzaile. Zaintza lanaldiaren inguruko eztabaida soziala proposatzen dugu: zaintza lanetan ere finkatu beharko litzateke gehienezko lanaldirik? Gutxienekorik? Nola egin liteke zaintza lanaldiaren jarraipena?”.

Bestalde, "kolektiboki sortutako ondasuna" jasotzeko eskubidea dute herritar guztiek, LABen agiriaren arabera. "Hala, denok izan behar dugu oinarrizko errenta duin bat: 1.400 euroko gutxieneko soldata. Era berean, 1/3 proportziora mugatutako gehieneko soldataren eta plusbaliaren mugapenaren bidez, ondasunaren banaketa bidezkoagoa bermatuko genuke, esplotaziorik gabeko jendarte baten bidean”, jarraitu du Arroyok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.