Hegalek bigarren erregulazioa aurkeztu du, 274 langileentzat

Gasteizko Mercedesek erregulaziorako eginiko proposamen berria baztertu dute sindikatuek

Mikel Carramiñana.
Gasteiz
2009ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Krisialdiaren amaiera hurbiltzen ari dela dioten arren, euskal industriaren zelaietan ez da kimu berderik ageri. Langileen kontratuak behin-behinean eteteko eskatzen duten enpresak ugaritu egin dira, eta askok bigarrenez aurkeztu dituzte erregulazioak. Aeronautika sektoreko Hegal izan da azkena. Aernnova taldeko konpainiak 274 beharginen lana 99 egunez eteteko dosierra aurkeztu zuen atzo.

Miñaoko teknologia parkeko enpresak (Gasteiz) adierazpen baten bidez azaldu zuen lan eskaerak behera egin duela. Gainera, 2010eko lehen sei hilabeteetan eskaeraren hazkunderik ez dutela espero iragarri zuen. Hegalek aurten aurkeztutako bigarren erregulazioa da hau; izan ere, apirilaren 14an 73 egunerako etenaldia hasi zuten lantegiko 274 langileek. Urriaren 30ean amaituko da lehenengo dosierrak zehaztutako epea.

Aurreratu zutenez, datozen egunetan langile batzordeko eta zuzendaritzako kideen artean bilerak egingo dituzte akordio batera heltzeko asmoz.

Adostasunik ez Mercedesen

Mercedes Benz autogilea ere negoziazioetan ari da bere Gasteizko lantegiko langile batzordearekin, aurtengo azarotik datorren urteko ekainera bitarteko 70 eguneko etenaldiaren baldintzak adosteko. Soldata gordinaren %67,5 ordaintzea eskaini zien atzo enpresak erregulazio dosierrak kaltetuko dituen 2.874 beharginei.

Sindikatuek gaur egun indarrean dagoen eta azaroan amaituko den erregulazioaren baldintzak berdintzeko galdegin diote zuzendaritzari. Horren arabera,soldata gordinaren %80 ordaindu beharko die langileei, oporrak eta lansari bereziak osorik emanda.

Atzo eginiko eskaintza sindikatu guztiek onartu zuten, eta, oraingoz, ez dute zuzendaritzako ordezkariekin biltzeko hurrengo bilera zehaztu.

Langileei, «xantaia»

Petronorrek herenegun iragarritako produkzioaren etenaldiak krisiarekin zerikusirik ez duela salatu zuen atzo ELA sindikatuak. Enpresari etenaldia baliatu nahi izatea leporatu zion, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan «langileei xantaia» egiteko. 2007tik 2009ra bost hilabeterainoko «ohiko» etenaldiak izan direla berretsi zuten sindikatuko ordezkariek.

Legorretako (Gipuzkoa) Zuekin enpresako langileek ere protesta egin zuten atzo zuzendaritzaren asmoen kontra. Lan ikuskaritzak bigarren erregulazioa onartu zion enpresari uztailean, eta, bitartean, langileak kaleratu dituztela salatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.