Arrantza

Hegaluzearen aurtengo lehen salmenta egin dute Pasai San Pedroko portuan

'Gaztelugatxeko Doniene' ontziak 12.000 kilo porturatu ditu goizaldean, eta goizeko zazpietan egin da lehen salmenta.

'Gaztelugatxeko Doniene' ontzia, gaur. BERRIA
2014ko ekainaren 23a
08:27
Entzun

Iritsi da hegaluzea Euskal Herriko portuetara. Uztailean hasiko dute arrantza sasoia beita biziaren modalitatearekin arrantzatzen duten ontziek, baina Pasai San Pedroko Kofradiako kide GaztelugatxekoDoniene ontziak bestelako modalitate bat erabiltzen du: Cacea edo Currican deiturikoa, hain zuze ere.

Amua atoian eramaten du, lautik seira bitarteko korapiloko abiaduran, beita arrain itxura duen engainu batekin, eta piezak banan-banan eta modu mailakatuan ontziratzen ditu. Modalitate horretan aritzen diren ontziek maiatzetik aurrera aritzeko baimena izaten dute; horregatik, hirugarren itsasaldia izan da hau GaztelugatxekoDoniene ontziarentzat; baina aurreko bi itsasaldietan Avilesko portura eraman dute arraina. Asturiasko portu horretan tradizio handikoa da hegaluzearen lehen salmenta, campanu izenez ezagutzen dena. Iñigo Oronoz ontziaren armadoreak ez du campanu-an parte hartzeko aukera galdu nahi izaten, garesti erosten baitituzte lehen hegaluze sortak. Aurten, esaterako, kiloko 98 euroan saldu zen lehen hegaluze tina.

Gaurko salmentako prezioa ez da, inondik inora, hainbestekoa izan. Tamaina handieneko hegaluzea iazko prezioetan mantendu bada ere, tamaina ertainekoa jaitsi egin da, eta azkenerako, batez beste, kiloko 4,3 euroan saldu da hegaluzea. Pasai San Pedroko Kepa Deun Arrantzaleen Kofradiako idazkari Nerea Tejedorrek azaldu du sartu den arrain kopuruak eragina izan duela prezioaren merketzean, eta, biharko eguna leku askotan jai dela kontuan hartuta, "ez zen salmentarako egunik aproposena".

Dena dela, "prezioaren gainetik produktuari garrantzia" ematea da Kepa Deun kofradiaren helburua. Gogorarazi dute "hemen produktuaren kalitatea zaindu" egiten dela. Orain gutxi aurkeztutako Nirea dekalogoaren eskutik: "Lehen sektorea biziberritu eta gure nortasuna babesteko, gizarteak erosteko ohituretan bertako lehen sektoreko produktuak sartzeko konpromisoa hartzea" garrantzitsua dela azpimarratu du Tejedorrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.