Etxea erosteko hipoteka maileguen kopuruak eta mailegu horien bidez utzitako diruak goia jo zuten 2006an. Ordutik, kopurua jaisten joan da etenik gabe. 2007an, 50.223 hipoteka mailegu eman zituzten etxea erosteko; iaz, berriz, 28.555 izan ziren, hau da, ia erdia. Dirutan utzitako kopuruak ere pareko jaitsiera izan du. INE Espainiako Estatistika Erakundeak atzo eman zituen iazko datuak.
Iazko datuak 2010ekoekin alderatuz gero, iaz 2010ean baino %23 hipoteka mailegu gutxiago eman zituzten etxea erosteko. Jaitsiera %23koa izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %22koa Nafarroan. Batez besteko hipoteka mailegua 138.986 eurokoa izan zen iaz. 2007an, 160.691 eurokoa zen, hau da, %13,5 handiagoa.
Dirutan, iaz finantza erakundeek ia 4.000 milioi euro utzi zituzten hipoteka maileguetan. 2006an, 8.500 milioi euro ziren. Datuak erakusten du finantza erakundeek iturria itxi dutela, ireki dutenetan mailegua lortu ahal izateko baldintzak gogortu dituztela eta herritarrek hipoteka mailegu gutxiago eskatzen dituztela.
Iaz, etxea erosteko emandako hipoteka maileguetatik erdiak aurrezki kutxek eman zituzten; lautik bat, berriz, bankuek. Hala ere, batez beste, bankuek diru gehiago utzi zuten mailegu bakoitzean: 178.693 euro (aurrezki kutxek 139.005 euro).