Espainiako Gobernuak zabaldu berri dituen datuen arabera, iaz 638 etxebizitza desjabetu zituzten Hego Euskal Herrian; horietatik 146, iazko azken lauhilekoan.
Iaz desjabetutako etxeetatik gehienak erabili egiten ziren; soilik 25 ziren berriak.
Autonomia erkidegoetako datuak eman ditu INE Espainiako estatistika institutuak, lurraldeka bereizi gabe. Datu horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 300 etxe desjabetu zituzten 2015ean, 2014an baino %18,4 gutxiago. 264 ziren pertsona fisikoenak, eta gainerakoak juridikoenak. Denera, 625 desjabetze egin zituzten EAEn 2015ean: 300 etxebizitza, 45 landa eremu, 52 orube, eta 228 trasteleku, garaje edo gisako.
Nafarroan, berriz, 566 desjabetze egin dituzte orotara: 338 etxebizitza —296 pertsona fisikoenak, eta 44 juridikoenak—, 17 landa eremu, 68 orube eta 143 bestelako.
Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietako lehendakariordeak azpimarratu du gogor ari direla lanean Nafarroan desjabetzerik izan ez dadin. Hipoteken Bitartekaritza Bulegoan 57 auzi landu dituztela adierazi du; 30 erosketa auzi eta 27 alokairuko. Gainera, azpimarratu du erosketako 25ek "emaitza baikorra" izan dutela.