Hego Euskal Herriko administrazioek zorra heren bat handitu dute iaztik

Jaurlaritzaren zorra 5.382 milioi eurokoa da, eta Nafarroako Gobernuarena ia bi mila milioi eurokoa

jakes goikoetxea
Donostia
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioak nabarmen zorpetu dira urtebetean. Heren bat inguru handitu dute zorra iazko bigarren hiruhilekotik aurtengora: Eusko Jaurlaritzak %33,84, Nafarroako Gobernuak %31,05 eta diputazioek %35. Espainiako Bankuak atzo eman zituen datuak.

Erakundeak defizit eta zor publikoa gutxitzeko murrizketak egiten ari dira, baina zorra pilatzen jarraitzen dute. Aurtengo lehen hiruhilekotik bigarrenera zorpetzen jarraitu dute: Eusko Jaurlaritzarena %7 hazi da, 5.030 milioi eurotik 5.382 milioi eurora; Nafarroako Gobernuarena%5,3, 1.892 milioi eurotik 1.994ra; eta hiru diputazioena %23,67, 2.032 milioi eurotik 2.513ra.

Erreferentzia gisa Lehman Brothers AEBetako inbertsio bankuaren porrota, hau da,2008ko iraila hartuz gero, zorra esponentzialki hazi da: Eusko Jaurlaritzaren zorra orduan halako hamar da, eta Nafarroako Gobernuarena duela hiru urte halako hiru.

Zorra barne produktu gordinaren (BPG) arabera neurtuz gero, Eusko Jaurlaritzarena BPGaren %7,9koa da; Nafarroako Gobernuarena, berriz, %10,6koa. Duela urtebete BPGaren %6,1 eta %8,2 ziren, hurrenez hurren.

Enpresa publikoen zorrek jaitsiera oso apalak izan dituzte lehen hiruhilekotik bigarrenera. Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoen zorra egonkortuta dago duela urte eta erdi ingurutik. Eusko Jaurlaritzaren enpresa publikoek zorra asko handitu zuten 2009ko erditik aurrera, baina gutxitzen ari dira iazko urte amaieratik.

Eusko Jaurlaritzak aurten gehiago zorpetzeko baimena badu, baina ez du zorrik jaulkiko, oraingoz. Carlos Agirre Ekonomia sailburuaren esanetan, ez dute premiarik, dirua daukatelako altxortegian. Gainera, ez dute zor merkatura jo nahi, Espainiaren egoeraren kutsadurak eragin dezaketen interes tasa altuen beldur.

Arabako Foru Aldundiak baztertu egin du aurten gehiago zorpetzea. Gipuzkoakoak irailean onartu du 2011-2013 Finantza Plana. Bertan, «egoera ekonomikoa eta perspektibak ikusita», aurten gehiago zorpetzea erabaki dute. 48,6 milioi euro izango dira, 2012an bankuei bueltatu behar dieten zorraren parekoa. Gipuzkoako Diputazioaren zorra, sozietate publikoak aintzat hartuta,1.753 milioi eurokoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.