Ia dena garestitu da iaztik. Nabarmentzekoa da, ordea, argindarrak, gasak eta gainerako erregaiek izandako gorakada. INE Espainiako Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, %20 garestitu dira Nafarroan, eta %16,6 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Igoera horrek eraman du, neurri handi batean, inflazioa %3,5era. 2008ko urriaz geroztik, inoiz ez ez zen hainbesteko mailara iritsi. Badirudi, ordea, inflazioaren jaitsieraren edo igoera apalen sasoi atzean geratu dela dagoeneko.
Lau herrialdeetan berbera izan da joera: %3,6koa izan da inflazioa Araba eta Bizkaian; %3,5ekoa Nafarroan; eta %3,4koa Gipuzkoan. Energiaren prezioaz gain, tabakoa da urtebetean asko garestitu den beste produktuetako bat: ia %20 hura ere; haren atzetik, erabilera pertsonalerako artikuluek izan dute igoerarik handiena; %7 ingurukoa. Merkeago eskura daitezkeen gauzen artean, ikus-entzunezko aparailuak nabarmentzen dira, %7 inguru jaitsi baita haien salneurria.
Urte arteko datuez gain, hilabete artekoari eta urte hasieratik pilatutakoari buruzkoak ere eman ditu INEk. Urtarril amaieratik otsail amaierara eginez gero konparaketa, prezioak berdin mantendu dira. Erreferentzia gisa urtarril hasiera hartuz gero, ordea, %0,9 merkatu dira, merkealdien eraginez.
Kezkagarria da egoera Euskadiko CCOOren eta Confebasken iritziz. Sindikatuak salatu du oso arriskutsua dela ekonomiak bizi duen geldialdiaren eta hain inflazio altuaren arteko konbinaketa. «Aurreikuspen errealagoak eginda, soldaten eros ahalmena mantendu behar da», esan du. Etorkizunari begira kezkatuta dago CCOO. «Euroa sendotu egingo denez, Europako esportazioak jaitsi egingo dira; hipoteken kostua igo egingo da eta familiek likidezia gutxiago izango dute; enpresentzako maileguak ere garestituko dira eta ekonomiaren susperraldirako oztopo berriak agertuko dira».
Europako inflazioaren eta EAEkoen arteko ezberdintasunak kezkatzen du Confebask. Hain zuzen, batez beste, %2,4 garestitu ziren prezioak eurogunean. «Hemengo prezioen maila inguruko herrialdeetakoekin parekatzeko presazko neurriak hartu behar dira, bestela gero eta zailagoa izango da enpresen lehiakortasuna mantentzea», esan du.
Hegoaldean %3,5 garestitu dira prezioak urtebetean
Erregaien prezioa %20 garestitu da iaztik Nafarroan, eta %16,6 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu