Langabezia

Hegoaldean 7.000 langabe gutxiago, bigarren hiruhilekoan

Euskal Herri osoan 180.600 lagun daude lanik gabe, biztanleria aktiboaren %12,3. Biztanleria aktiboaren jaitsierak eragin du langabeziaren apaltzea, Nafarroan batez ere.

Iker Aranburu.
2016ko uztailaren 28a
08:51
Entzun

INE Espainiako estatistika institutuak biztanleria aktiboaren inkestaren (EPA) bigarren hiruhileko datuen berri eman du. Haren arabera, aurreneko hiruhilekoan baino 7.000 langabe gutxiago daude Hego Euskal Herrian; Bizkaian 5.800 gutxiago, Nafarroan 4.100 gutxiago, Gipuzkoan 500 gutxiago, eta Araban, berriz, 3.500 gehiago. Araban gorabehera handiak izaten ditu EPAk, inkesta den aldetik, galdekatutakoen lagina txikiagoa delako.

Inkesta horren arabera, langabezian daudenen kopurua 168.300 lagun da. Horietatik 73.900 daude Bizkaian (%13,76ko langabezia tasa), 39.600 Nafarroan (%13,27), 34.700 Gipuzkoan (%10,23) eta 20.100 Araban (%13,11). Horrenbestez, Hego Euskal Herrian biztanleria aktiboaren %12,67 dago lanik gabe, betiere INEren arabera.

Euskal Herri osoan pixka bat txikiagoa litzateke langabezia tasa (%12,3), Gaindegiak egindako estimazioaren arabera. Erakunde horren kalkuluen arabera Ipar Euskal Herrian biztanle aktiboen %8,7 daude lanik gabe, 12.300, hain zuzen ere. 2015 amaieran Lapurdik %9,7ko langabezia tasa zuen, %5,2  Zuberoak eta %4,8 Nafarroa Behereak.

Aktibo gutxiago

Biztanleria aktiboaren jaitsiera da, hain zuzen ere, langabezia jaitsi izanaren arrazoi nagusia. INEk dio 1.327.600 lagun daudela lan egiteko adinean eta horretarako prest, duela hiru hilabete baino 7.200 gutxiago, eta duela urtebete baino 7.000 gutxiago. Edonola ere, bada emaitza hori auzitan jartzen duen datu bat: oso-osorik Nafarroari dagokio. Lurralde horretan 8.300 aktibo gutxiago zenbatu ditu INEren inkestak azken hiruhilekoan, eta 7.400 gutxiago azken urtean. Beste lurraldeetan, berriz, igoera txiki bat izan du biztanleria aktiboak.

Erretiroa hartzen dutenak lan merkatuan sartzen direnak baino gehiago izaten ari dira azkenaldian, eta joera hori sendotu egingo da hurrengo urteotan, etorkinen igoera handia ez baldin badago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.